Durkheimen teoriaren arabera, bilkura kolektibo batean parte-hartzaileen artean gertatzen den elkar elikatzea eta bat-egite emozionala giltzarriak dira prozesu kolektiboetan, eta iraun egiten du denboran. Bada, teoria hori egiaztatu du UPV/EHUko Gizarte Psikologiako Kultura, Kognizioa eta Emozioa ikertzaile-taldeak 2019ko Korrikan parte hartu zuten hainbat korrikalariren artean.
Emile Durkheim (1858-1917) soziologo aitzindariaren arabera —eta gaur egun baieztatu daitekenez—, gizarte-isolamendua mehatxu larri bat izan daiteke osasunerako eta biziraupenerako, eta erritu kolektiboak funtsezkoak dira gizarte baten kohesioa eta osasuna bermatzeko. Durkheimen arabera, aldizka ospatzen diren erritu kolektiboek berrindartu egiten dituzte talde-balore eta -sinesmenak, eta kohesio soziala sustatzen dute. Horrenbestez, gizabanakoak gizartearekiko fede eta energia eraberrituak dituztela itzultzen dira beren bizitza indibidualetara. Eraberritze-sentsazio hori eferbeszentzia kolektiboak ahalbideratzen du, alegia, pertsonen arteko elkarreragin emozionalaren bitartez sortzen den bateratasun emozionalak. Orain arte, ordea, oso ikerketa gutxitan egiaztatu ahal izan da Durkheimen teoria.
”Gizakia izaki soziala da, eta erritu kolektiboetan parte hartzeak eragin psikologiko positibo ugari ditu, bai talde gisa, bai indibiduo gisa”. Hala adierazi du Gizarte Psikologia CCE ikertaldeko kide Jon Zabalak. ”Ikerketen arabera, erritu kolektiboetan parte hartzeak integrazio soziala sustatzen du, sinesmen sozialetan positiboki eragin, eta maila indibidualean (adibidez, autoestimuan eta bizitzarekiko asebetetzean) zein kolektiboan ahalduntzen du, besteak beste. Ez da harritzekoa, beraz, COVID-19aren pandemiari aurre egiteko hartutako isolamendu-neurriak estres-, antsietate- eta depresio-maila altuagoekin erlazionatu izana”, dio.