Aste honetan badirudi eguzkia ez dela aurreko astean bezain presente egongo, nahiz eta tenperaturek igotzen jarraituko duten. Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziak gaur iragarri duenez, tenperaturek gora egiten jarraituko dute, eta hodeiak egongo dira goizean.

Hala, eta ildo beretik, astelehenean hodeiak eta ostarteak izango dira eta termometroek koska txiki bat egingo dute gora. Noizbehinka tantaren bat edo beste bota lezake ekialdeko kostaldeko punturen batean, baina oro har ateri egongo da. Litekeena da egunaren zatirik handienean hodeiak argiuneekin tartekatzea; zenbat eta hegoalderago, orduan eta argiagoa izango da giroa. Tenperatura maximoak igo egingo dira eta eguerditik aurrera ipar haizea nagusituko da.

Bihar, asteartean, "aroa aurreko egunekoa baino goibelagoa izango da, eta hodei gehiago izango dugu", Euskalmetek iragarri duenez. Tenperatura maximoak ia ez dira aldatuko eta 20 graduren bueltan ibiliko dira. Egunaren hasieran eta amaieran hego-mendebaldeko haizea ibiliko da, eta ipar-mendebaldekoa egunaren erdialdeko orduetan. Ez da baztertzen kostaldean han-hemenka lau tanta botatzea, baina beste egun batez oro har ateri egongo da.

Asteazkenean, Euskalmeten arabera, zerua hodeitsu edo oso hodeitsu egongo da. Noizbehinka euri txikia egin dezake. Norabide aldakorreko haize ahula ibiliko da; kostaldean mendebal-osagaiko haize bizia. Arratsaldean ipar/ipar-ekialdera egingo du ahul-bizi. Tenperatura minimoetan aldaketarik ez, eta maximoak gutxi edo nahikoa igoko dira.