Dieta batzuk beti modan daude, eta urtetik urtera jarraitzaile berriak dituzte. Dieta begetarianoa dieta horietako bat da, eta gizartearen zati batek gero eta jarraikoagoa du okelaren-kontsumoa ezabatzeko, baina garrantzitsua da dieta horien inguruko zenbait kontu jakitea, Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU) jakinarazi duenez. Hala, zenbait ikertzailek lan zehatza eta gida bat egin dute dieta horri buruz hitz egiteko eta alderdiak zehazteko, (’Dieta vegetariana, ¿qué tengo que saber?’ izenekoa). Izan ere, dieta orojale batekin alderatuta, dieta beganoek edota begetarianoek aukera gehiago dute mantenugai batzuen urritasuna izateko? Zeintzuk dira pertsonak okelaren kontsumoa murriztera bultzatzen dituzten arrazoi nagusiak? Zein izango litzateke osagarri egoki bat dieta horientzat? Euskal Herriko Unibertsitateko Elikadura eta Gizentasuna Ikerketa Taldeak gida berri bat idatzi du, ohiko gai horiek eta beste batzuk jorratzeko. Gida horren bidez, nagusiki edo soilik landare jatorriko elikagaietan oinarritutako dieta batera igarotzeko kontzeptuak argitu nahi ditu. Hala, nabarmendu behar da gida honen helburua dela ebidentzia zientifikoa ematea eta dieta mota horri buruzko zalantzak argitzea, ez soilik osasunaren ikuspegitik, baita ingurumenaren, iraunkortasunaren edo animalien ongizatearen ikuspegitik ere. Halaber, dieta begetarianoari jarraituz nabarmendu beharreko elikagaiak ere biltzen dira. Gida horretan azaltzen denez, dieta begetariano terminoak okela (hegaztiak, hestebeteak eta beste eratorri batzuk barne) eta arraina (itsaskia barne) ez kontsumitzeari egiten dio erreferentzia, eta arrautzak, esnekiak eta eztia kontsumitzea ere barne har dezake. Hala, beganismo terminoak, berriz, kontzeptu zabalagoa hartzen du; izan ere, elikatzeko moduari erreferentzia egiteaz gain, animalia jatorriko edozein produktu baztertzen du, elikagaia izan ala ez, hala nola larrua, artilea edo zeta, baita animalia jatorriko osagaiak daramatzaten edo animalietan testatuak izan diren kosmetikoak ere. “Dieta begetarianoa egiten hastean, kezka handienetako bat izaten da mantenugai nahikorik ez hartzea, eta horrek osasun egoerari eragitea, izan ere, horrek gaixotzera eraman dezake pertsona. Hala ere, oro har, posible da osasunerako arriskurik ez duen dieta begetariano edo begano bat egitea, eta osagarririk erabiltzen ez bada, mantenugai bakarra izango da defizitarioa: B12 bitamina. Gainera, dieta begetarianoek eta beganoek orojaleak baino zenbait mantenugai edo dietako zenbait osagai gehiago dituzte, hala nola zuntza, folatoak eta antioxidatzaileak, C eta E bitaminak kasu”, azaltzen dute. “Animalia jatorrizko elikagairik gabeko dietak egiten dituzten pertsonek, dieta askotarikoa bada, animalia jatorrizkoaren kalitate bereko proteina bat lortzen dute. Arrautzak eta esnekiak hartuz gero, horiekin erraz asko bermatzen da proteina osoen eta kalitate onekoen ekarpena. Hala ere, arreta berezia jarri behar diote kaltzioari”, azpimarratu du gida egin duen ikerketa taldeak.

Landare jatorriko elikagaietan soilik oinarritzen den eredu dietetiko bati jarraituta posible da behar horiei erantzutea (B12 bitaminaren kasuan izan ezik). Gainera, “gaixotasun kroniko batzuk izateko arrisku txikiagoarekin ere lotzen da”. “Dieta beganoa edo begetarianoa gaizki planifikatuta badago, animalia jatorriko elikagaiak barne hartzen dituen beste edozein dieta bezain osasungaitza izan daiteke, baita defizitarioa ere zenbait mantenugairi dagokionean. Gaur egun, landare jatorriko elikagai prozesatu ugari daude, kalitate nutrizional oso txarrekoak, eta, funtsezko mantenugaiak ez emateaz gainera, elikadura osasungarria izateko behar diren elikagaiak ez kontsumitzea eragin dezakete”. Horrela, gida hau bi arrazoirengatik sortu da: batetik, begetarianismoan hasi nahi duten pertsonei beren trantsizioan laguntzeko; eta, bestetik, dagoeneko igaro diren horiei laguntzeko eta dituzten zalantzak argitzeko. Euskal Herriko Unibertsitateko Argitalpen Zerbitzuak argitaratu du. Honako hauen artean egin dute: Maitane González Arceo, Ivan Gomez Lopez, Irene Besné Eseverri, Iker Gómez García, Laura Arellano García, Maite Lopez Perez, Naroa Kajarabille, María Puy Portillo eta Saioa Gómez Zorita: Farmazia eta Elikagaien Zientziak Saileko Elikadura eta Gizentasuna Taldekoak dira.