- Sonia Díaz de Corcuera Trafikoko zuzendariak aste honetan aurkeztu du Aste Santuko irteera-operazioa, eta 2019ko (pandemia aurreko) desplazamendu-kopuru beretsua espero dela adierazi du, baldin eta eguraldiak laguntzen badu. Urte horretan, batez beste, Euskadin sartzeko 509.000 desplazamendu zenbatu ziren eta beste hainbeste Euskaditik irteteko.
“Alde batetik, bi urtean Aste Santu normalizaturik izan gabe, trafikoaren bolumena leheneratu egingo dela aurreikusten da. Gogoan izan behar da 2021ean herri askotan konfinamendu perimetrala ezarri zela eta 2020an alarma-egoeran geundela, eta mugikortasunean ezarritako murrizketen ondorioz trafikoa nabarmen murriztu zela (hiriburuetako sarbideetan % 90 ere bai)”, azpimarratu dute. “Bestalde, ez da baztertzen erregaien prezioak beherantz eragina izatea aurtengo irteera-kopuruan”, gaineratu dute. Edonola ere, Díaz de Corcuerak nabarmendu du garrantzizkoa dela arduraz gidatzea, alkoholik eta drogarik ez kontsumitzea eta arreta-galtzeak saihestea. “Adierazi behar da zigortu egiten dela gidatzean mugikorra erabiltzea, eta, Trafikoko Lege berria ezarriz, gidabaimeneko 6 puntu ere ken daitezkeela”. “Eusko Jaurlaritzatik lanean ari dira istripuen tasa murrizteko, Euskadiko errepide-sarean zero biktima izateko ikuspenarekin. Alde horretatik, azpimarratu behar da azken hamarkadan Euskadin ez dela hildakorik izan Aste Santuko egunetan, eta salbuespen bakarrak 2012 (2 pertsona hil ziren) eta 2019 (beste bi pertsona hil ziren) dira”, kontatu dute Eusko Jaurlaritzatik. “Aldi horretako istripuen kopuruak beheranzko joera jarraitzen zuen 2021etik (123rekin), eta 2019an 87 izan ziren eta 2020an 23 (urte atipikoa izan zen pandemiak eragindako murrizketen ondorioz). Hala ere, iaz 101 istripu gertatu ziren, nahiz eta ez zen hildakorik izan”, ondorioztatu dute.