Hirian barrena paseatuko dira adinekoak berriro, boluntarioek gidatutako trizikloetan, Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren Sailak bultzatutako jarduera dela medio. Iaz jarri zen martxan, probaldi gisa, eta orain egonkortu egingo da, Laboral Kutxaren laguntzarekin.
Hain zuzen ere, atzo goizean aurkeztu zen Biziz, adinik ez programa, Espainia plazan, Gizarte Politiketako zinegotzi Jon Armentia eta Laboral Kutxako Gizarte Ekintzako arduradun Kepa Ortiz de Urbina bertan zirela, baita programako boluntarioak eta erabiltzaileak ere. 2021eko ekainetik urrira bitartean funtzionatu zuen Biziz, adinik ez programak, Ingurugiro Gaietarako Ikastegiaren laguntzari eta City Changer Cargo Bike programaren ekarpen ekonomikoari esker. "Adineko pertsonen mugikortasuna erraztu, haiek bistaratu eta —erabiltzaileen eta trizikloen gidarien artean— belaunaldien arteko harremanak sortzeko helburu berarekin jarri da martxan berriro orain", azaldu zuten."Mugikortasun-arazoak dituzten adinekoak beren inguruetatik atera eta -beren kabuz batetik bestera joaterik ez dutelako- ahaztuta zituzten lekuak berriro ikustea ahalbidetuko dugu. Gainera, konpainia onean egingo dute, boluntarioekin, haiekin hitz egin eta istorioak eta esperientziak partekatzeko. Iazko esperientzian egiaztatu genuen jarduera polita dela, gogo-aldartea hobetzen duela eta ongizatea sortzen diela", azaldu zuen Jon Armentiak.
Bestalde, Kepa Ortiz de Urbinak nabarmendu zuen eskuzabaltasun-keinu bat dela beste pertsona batek hirian barrena bizikletaz paseatzeko aukera izan dezan norberaren denbora eskaintzea.