- Datorren martxoaren 6ra arte izango da Atarian Argi-kutsadura gure esku dago erakusketa ibiltaria. Arabako Elkarte Astronomikoak, Espainiako Elkarte Astronomikoen Federazioak eta Argi-kutsaduraren aurkako Cel Fosc Elkarteak koordinatutako erakusketa izango da, eta “horren bitartez kontzientziazioa zabaldu nahi da jendartean arazo horri buruz, eta gure hiri- nahiz landa-paisaiak deskontaminatzeko beharraz”, azaldu zuten atzo Gasteizko Udaletik.
Ildo horretatik jarraituz, eta iturri berberek gaineratu zutenez, “esan behar da, beste kutsadura mota batzuen kasuan ez bezala, argi artifizialaren arazoak konponbide errazagoa duela; izan ere, argi artifiziala behar den unean eta lekuan soilik erabili beharko litzateke, kantitate nahikoan, gehiegizkoa izan gabe, eta leku ega une bakoitzak eskatzen duen espektro egokienarekin”. Azaldu zutenez, argi artifiziala da kutsadura atmosferikoan gehien hedatzen duen eragileetako bat; horrez gain, zeru izartua den kultura-ondare handia lapurtzen digu. Izan ere, “UNESCOk gizadiaren eskubide besterenezintzat jotzen du zeruaz gozatu ahal izatea. Gainera, argi artifizialak ez du laguntzen seguruago bizitzen, hori pentsatzen ohi badugu ere; aitzitik, zergadunaren energia eta dirua xahutzen ditu, eta horrek giza osasunari ere eragiten dio”, azpimarratu zuten. Otsailaren 17an eta martxoaren 3an bisita gidatuak egingo dira erakusketara, Arabako Astronomia Elkarteko kideen eskutik. 19:30etan izango dira bisitaldiak egun bietan. Horrez gainera, argi-kutsadurari buruzko hitzaldi bat izango da Atarian otsailaren 24an (osteguna), 19:30etan.