- "Beharrezkoa da adinekoentzako zerbitzuak hiriko auzo guztietan modu deszentralazituan kokatzea. Horrela, edozein adinekok bere komunitatearen inguruan behar duen gizarte zerbitzua edo laguntza eskuratu ahal izango du, bizi izan den auzoa utzi behar izan gabe". Hitz horiekin, EH Bilduko Alberto Porras zinegotziak atzo eskatu zuen Gasteizko auzo guztietan etxebizitza komunitarioak jartzea.
Hala, atzo alderdi politiko honek iragarri zuen bezala, datorren osoko bilkuran (hilaren 28an) eskatuko dute lan eta inbertsio plan bat presta dadila hiriko auzo edo eremu ezberdinetan etxebizitza komunitarioak sortzeko. Alberto Porrasek gehitu zuenez, plan hori udal taldeekin eta sektoreko eragileekin elkarlanean prestatu behar da. Gaur egun, udal gobernuak helarazi dituen datuen arabera, Gasteizek hiru etxebizitza komunitario publiko ditu: Vico Aurora (34 plaza) hiru bizikidetza-unitatetan banatuta; VICO Los Molinos (30 plaza) hiru bizikidetza- unitatetan banatuta; eta CIAM San Prudentzioko 3. solairuan kokatuta dagoen VICOa (24 plaza), bizikidetza-unitate bakarrean. "Hau da, 58 plaza erdialdean, 30 Adurtza auzoan, eta gainontzeko auzoetan plaza bakar bat ere ez. Eta datuei dagokienez, 2021eko apirilaren 30ean 182 pertsona zeuden etxebizitza komunitario bat eskuratzeko itxaron-zerrendan", azpimarratu zuten bertako kideek. "Bi datuak kontuan hartuta, argi dago premiazkoa dela etxebizitza komunitarioko baliabide berriak sortzea, plazen eskaintza handitzeko; izan ere, egungo eskaria eskaintza baino handiagoa da, eta horrek itxarote-zerrendak sortzen ditu, eta ez zaie erantzuten baliabide mota hori behar duten adinekoen premiei", gaineratu zuen zinegotziak.
Adierazpen horien ondoren, alderdi politiko horretako kideek gogorarazi nahi izan zuten etxebizitza komunitarioak bizitoki kolektibo iraunkorreko zerbitzua direla, gehienez ere hamalau lagunentzako elkarbizitza-unitateetan antolatua. Erabilera hori 65 urtetik gorakoentzat da, 1. graduko mendekotasuna aitortua dutenentzat. Beraz, egiten den esku-hartzea pertsona ardatz duen arreta-ereduan oinarritzen da, eta laguntza profesionalak eskaintzen dira egun osoan. "Laguntza profesionalak eskaintzen ditu egun osoan, oro har intentsitate ertainekoak, tutoretzakoak, bitartekotza-bitartekaritzakoak, gizarte-laguntzak eta ikuskaritzakoak, bai eta arreta pertsonala ere, adinekoari komunitate-ingurunean eusten lagunduz eta haren integrazio indibidual eta kolektiboa erraztuz", zinegotziak gaineratu zuenez. "Horregatik, Udalak ematen duen etxebizitza komunitarioaren definizioa bera betetzeko, bizitegi-baliabide horiek ingurune komunitarioan adinekoa mantentzea ahalbidetzen duten inguruneetan kokatu behar dira, haren integrazioa erraztu. Hau da, zerbitzu sozialen azken helmuga izan beharko litzateke adineko pertsonek euren inguru gertukoan segitzea, arretari jarraipena ematea, eta, horrela, pertsonak aukera izango du eusteko bere errutinei, lagun hurbilekin dituen loturei, eta harreman sozialei, euren aisialdi denbora baliatuz, egoitza baliabide batera joan aurretik".
Eskaera. EH Bilduk iragarri zuen bezala, datorren osoko bilkuran eskatuko dute lan eta inbertsio plan bat presta dadila hiriko auzo edo eremu ezberdinetan etxebizitza komunitarioak sortzeko. Alberto Porrasek gehitu zuenez, plan hori udal taldeekin eta sektoreko eragileekin elkarlanean prestatu behar da. Gaur egun, hiru etxebizitza komunitario publiko daude.
"Beharrezkoa da adinekoentzako zerbitzuak hiriko auzo guztietan modu deszentralazituan kokatzea. Horrela, edozein adinekok bere komunitatearen inguruan behar duen gizarte zerbitzua edo laguntza eskuratu ahal izango du, bizi izan den auzoa utzi behar izan gabe".