Síguenos en redes sociales:

Indarrak batzen, ausazko jokoen arriskuei buruz kontzientziatzeko

Helburu honekin, Gasteizko Udalak eta Invert freestylerrak indarrak batu dituzte

- Apustu egin orduko galdua duzu bataila goiburuaren pean, ausazko jokoen eta kirol apustuen arriskuen inguruan kontzientziatzeko asmoarekin, Gasteizko Udalak eta Invert freestylerrak indarrak batu dituzte. Abeslariak rap bat konposatu du berariaz Gasteizko Udalaren kanpainarako, eta, bertan, jokoak gazteei eragin diezazkien arazoen inguruan kontzientziatu eta hausnartzera gonbidatzen du jendea.

Kanpaina hori gauzatu ahal izateko, aurrekontu-hitzarmena sinatu zuen gobernu-taldeak Elkarrekin taldearekin; izan ere, “bi taldeek dute jokoak gazteen artean eragiten dituen mendekotasun-portaerei aurre egiteko nahia, arreta bereziki 14 eta 20 urte bitarteko adin-tartean jarriz”, azaldu zuten atzo Gasteizko Udaletik. “Menpekotasunen inguruko azterketen arabera, gazteen artean dagoen jokoaren erabilera eta abusua ahalik eta azkarren landu beharreko egoeretako bat da, portaera problematiko horiek azkar hazi baitira biztanleria-talde horretan azken urteotan”, gaineratu zuten.

Ildo horretatik, “musika tresna ezin hobea da gazteekin konektatzeko, batez ere maila emozionalean, eta oraingo honetan aliatu bikain bat daukagu ausazko jokoen eta kirol apustuen ondorio negatiboen aurkako borrokan. ‘Invert’en errimen bidez, publizitatearen presioagatik eta komunikazioaren formatu agresiboengatik bereziki zaurgarria den biztanleria-talde batengana iritsi nahi dugu”, azaldu zuen Livia Lópezek, kirol eta osasun zinegotziak.