Elkarretaratzeek aurrera jarraitzen dute, eta pentsioen lege-proiektuaren eztabaidek ere. Arabako Pentsionisten mugimendua kalera atera da aste honetan, arabarrei pentsioen lege-proiektuaren bigarren zatia ezagutzera emateko. Lehen zatia astelehenean, hilaren 18an, eztabaidatu zen, Andre Maria Zurian kontzentratu ondoren. Kontzentrazio hartan azaldu zuten, gutxienez, lehen zati horretan alderdi batzuk positiboak zirela, beste batzuk negatiboak, baina pentsio duinen eskaera ez zela kontuan hartzen. Aste honetako kontzentrazioan, berriz, pentsio-lege honen bigarren zatiari ekin ondoren, bertaratutakoek azaldu zuten bigarren zati honen alderdi funtsezkoenak baloratu ondoren, Escrivá ministroaren dimisioa formalki eskatu behar dutela.
“Bigarren fase honetan, gobernurako helburu garrantzitsuenak honako hauek dira: lehenik eta behin, jasangarritasun-faktore berri bat sartzea, gure mugimenduaren presioarekin indargabetua izan zena ordezkatzeko. Pentsioaren zenbatekoa bizi-itxaropenaren hazkundearen proportzioan murrizten zuen pentsioaren diru-kopurua”, adierazi zuten. Ildo horretatik, gaineratu zutenez, faktore horren ordez izen desberdineko beste bat jarri nahi dute, baina helburu berberekin, “gobernu honek ez dio uko egin nahi izan 2011. urtean adostutako tresna bati, etorkizuneko pentsioak murriztea ahalbidetzen baitio”. Faktore berri hori azaroaren 15a baino lehen adostu behar da elkarrizketa sozialaren mahaian, eta akordiorik ez badago, gobernuak “legeak egingo ditu”.
Bigarrenik, azaldu zutenez, pentsioa kalkulatzeko epea luzatzea da ia lan-bizitza osora (35 urte); izan ere aseguru- lobbyak, bankuak eta abar, sistema publikoaren iraunkortasun-eza modu interesatuan zabaltzen dute “pentsioekin negozioa egiteko”. “Urteak daramatzate helburu horren bila, eta hori lortuz gero, oso kaltegarria izango litzateke etorkizuneko pentsiodunentzat. 35 urteko helburu hori ez da dokumentuan zehazten, baina argi eta garbi hitz egiten da zenbaketa-aldia handitzeaz. 2011ko erreformak 10 urtetan izan duen igoerak, 25 urtera arte, urtean %20ko galera ekarri dio pentsiodun bataz bestekoari”.
Hirugarren alderdi bat gehitu zuten, oso “garrantzitsua” dena: negozio pribatuari sistema publikoaren atea irekitzearena. “Gobernuak Bruselarekin duen konpromisoa oso argia da, eta merezi du gogoratzea. Erreforma honen bidez, pentsio osagarrien esparru arautzailea berrikusi nahi da, enpleguko pentsio-planak sustatzeko negoziazio kolektiboaren eremuan, batez ere sektoreetan. Gobernuak sustapen publikoko enpleguko pentsio-funtsak sortuko ditu, enplegu-sistemako pentsio-planak atxiki ahal zaizkion sektore pribatuak kudeatuta. Helburua da sektoreko negoziazio kolektiboaren bidez gaur egun estalitako bi milioi langiletik, 2030ean 13 milioira eta epe luzerako biztanleria landunaren % 80ra zabaltzea”. “Gobernuak EBrekin duen konpromiso horrek sistema publikoaren aurkako erasoaren garrantzia adierazten du”. hori guztiagatik, Escrivá ministroaren dimisioa eskatu zuten.