“Azken asteetan ikusten ari gara argindar enpresa handiak egunez egun igotzen ari zaizkigula argindarraren prezioak. Ez dago markak apurtzen ez dituzten egunik. EH Bildu Gasteizetik uste dugu nahikoa dela esateko unea iritsi dela, elektrikoen lapurretaren aurrean planto egiteko unea iritsi dela”. Horrela mintzatu ziren atzo EH Bildutik. Horregatik, gaur gaueko 22:00etan Farolonen batzeko deia egin dute, bertan kazola jotze herritarra burutzeko.
Horrez gain, 22:00etan ere, Euskal Herriko herri eta auzo guztietan itzalaldi bat eta lapiko-jotze bat izango dira, enpresa elektriko handiak herriko herritarren eta enpresa txiki eta ertainen kontura “egiten ari diren lapurretaren aurrean ez garela besoak gurutzatuta egongo salatzeko”, aldarrikatu zuten.
Deialdi hauen helburua egungo egoera salatzea da: “Salatuko dugu ez dugula argindarraren prezioa ezartzeko behar besteko subiranotasun energetikorik; Espainiako Estatuan, berriz, alderdi handiek ez dituzte geldiarazten argindar elektrikoen botere eta diru nahiak, eta ez dugu ahaztu nahi alderdi horietako ordezkari esanguratsuak daudela enpresa elektrikoen administrazio-kontseiluetan”, nabarmendu zuten atzo Euskal Herria Bildutik. Ildo beretik jarraituz, alderdi politiko horretatik ere jakinarazi zuten atzo enpresa energetikoen aurkako borroka honetan Euskadi ez doala bakarrik. Hala, bertatik atzo azpimarratu zutenez, “ez gaude bakarrik salaketa honetan. Kataluniako, Galizako eta Euskal Herriko indar independentistok indarrak batu nahi izan ditugu, eta ostiraleko protesta ekitaldia aldi berean egingo da hiru herrialde horietan”.
Eta, amaitzerakoan, gaineratu zuten: “Enpresa elektrikoei nahikoa dela esateko ordua da. Bada garaia erakusteko gure herrian ez dugula uzten gehiengoaren eskubideekin jolasten (energia arrazoizko prezioan eskuratzea oinarrizko eskubidea delako), gutxi batzuek poltsikoak betetzen dituzten bitartean”.