First Lego League Euskadi hezkuntza-programa amaierara heldu da. Horrekin, Arabako ikasleek egun ezberdina izango dute euren trebetasunak eta ikasitakoa erakusteko.

Hala, 10 eta 16 urte bitarteko euskal ikasleek jardunaldi bat izango dute martxoaren 8an, First Lego League Euskadiren finalean. Zientzia eta teknologia erronka tematiko baten bidez, herrialde guztietan berdina dena, gazteengana hurbiltzen duen programa da. Aurten, zehazki, jokoa eta kirola berrasmatzea proposatu da, gizarte aktiboagoa lortzeko. Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziak, Deustuko Unibertsitatearekin, Donostiako Sustapenarekin eta Mondragon Unibertsitatearekin batera, programa antolatu du. Guztiak Innobasqueko bazkideak dira. “Aurten formatu berritzaile eta segurua aurkeztu dute, hasieratik lehentasun bat duena: uneoro segurtasun soziosanitarioa bermatzea”, azaldu dute Innobasquetik.

Ildo horretatik, ikasleak Deustura, Donostiara eta Arrasatera joango dira eta 15 talde egongo dira hiru egoitzetako bakoitzean, baina, aurreko edizioetan ez bezala, ez da ikuslerik egongo. Gainera, bertatik atzo jakitera eman zutenez, orduero, lau talde pasatuko dira egoitza bakoitzetik. Hala, burbuila-taldeak mantenduko dira eta ikastetxe ezberdinetako ikasleen arteko kontaktua saihestuko da. “Hilabete batzuetako prestaketaren ondoren, taldeek epaimahai baten aurrean defendatuko dituzte txapelketaren hiru arloak: erronka tematikoari erantzuten dio berrikuntza-proiektua, eraiki behar izan duten Lego Mindstorms robotaren diseinua eta programazioa, eta erakutsi beharko dute First Lego League balioak barneratu dituztela, hau da, aurkikuntza, berrikuntza, inpaktua, inklusioa, lankidetza eta dibertsioa”, azaldu eta erantsi dute: “Gainera, formatu berritzaile horrek Twitch plataformaren bidez, FLLEuskadi kanalaren bidez, emango den programa bat izango du. Emanaldi horretan, First Lego League Euskadiren denboraldiaren berri emango da, eta, gainera, hiru egoitzekin konektatuko da talde irabazleak zein diren iragartzeko”. Bestalde, egoitza bakoitzean zazpi talde sarituko dira eta horietako bik finalerako plaza lortuko dute: “Talde osoenak eta berrikuntza-proiektu onena duen taldeak”, hain zuzen ere. Horrela, sei euskal taldek hartuko dute parte ekainean modu birtualean egingo de Espainiako finalean.

Urtero, hezkuntza-programaren nazioarteko antolaketak gaikako erronka bat proposatzen du, munduko ikasle guztientzat berdina. Edizio honetan, erronka Replay da, eta talde parte-hartzaileek berriro definitu behar dute jolasteko, kirola egiteko eta mugitzeko modua, eguneroko jarduera sustatzeko. Aurten, 33 euskal ikastetxek hartu dute parte jarduera horretan. Zehazki, bi kategoriatan banatutako 90 talde. Horrela, eta guztira, 1.300 ikaslek hartu dute parte, eta horietatik 400 euskal finalean izango dira datorren maiatzaren 8an.

Leire Bilbao Innobasqueko zuzendari nagusiak nabarmendu zuenez, “First Lego League Euskadi erreferentziazko Steam hezkuntza-programa bat da Euskadin. Aurtengoa 12. edizioa da, eta Eusko Jaurlaritzak bultzatzen duen Steam Euskadi Hezkuntza Estrategiaren parte da, zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematikako bokazio goiztiarrak bultzatzeko, arteekin eta humanitateekin lotuta”. Proiektuak Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailaren, Arabako Foru Aldundiaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Euskaltel Fundazioaren babesa du. Estatu mailan, denboraldi honetako kolaboratzaileak Fundacion Scientia, Robotix eta Correos dira. Halaber, bai hiru egoitzetan, bai ikastetxeetan, “boluntarioek funtsezko zeregina izango dute”. Boluntarioen arten burbuila-taldeak osatu dira, neurri soziosanitario guztiak betetzen direla ziurtatzeko eta, “urteko bezala, epaile eta arbitro gisa jarduteko; horrela, proiektua lagunarteko giro dibertigarrian garatzeko”, zehaztu dute. “First Lego League Euskadi Steam hezkuntza-programa bereizgarri gisa finkatu da, eta, gainera, prestakuntza-tailerren ziklo bakarra du Estatuan, zeina Innobasquek finalaren aurreko hilabeteetan antolatzen duen. Formatu berritzailearekin, oraingo honetan tailerrak online izan baitira, ikasleek ikertzaileen, zientzialarien, teknologoen eta proposatutako erronkaren esparruan (kirola eta jolasa) diharduten adituen lana ezagutu dute”, ondorioztatu dute.

Jarduera. 10 eta 16 urte bitarteko euskal ikasleek jardunaldi bat izango dute martxoaren 8an, First Lego League Euskadiren finalean. Zientzia eta teknologia erronka tematiko baten bidez, herrialde guztietan berdina dena, gazteengana hurbiltzen duen programa da. Aurten, jokoa eta kirola berrasmatzea proposatu da.

Antolatzailea. Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziak, Deustuko Unibertsitatearekin, Donostiako Sustapenarekin eta Mondragon Unibertsitatearekin batera, programa antolatu du.