Joseba Bikandi mikrobiologiako irakaslea da Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU). Hainbat ikastetxetan eman ditu eskolak eta 2001etik Farmazia Fakultateko irakaslea da. Gaur egun, dekanordea ere bada. Hezkuntzako proiektu eta jardueretan, irakaslana koordinatzeko jardueretan eta zientziaren hedapenean ere parte hartu du. DIARIO DE NOTICIAS DE ALAVA Egunkari honetan, Astrazeneca txertoaren inguruan herritarrek dituzten zenbait beldur eta zalantza argitzeko hitz egiten du, eta koronabirusaren aurka babesteko beharra defendatzen du, Osakidetzak hala adierazten duen txertoarekin.Hain zuzen, txertoa jartzea da koronabirusaren hedapena geldiarazteko eta hari aurre egiteko tresnarik onena. Baina, era berean, txertoek sortzen duten immunitateak oraingoz zenbat irauten duen ez dakitela ere gaineratu du.
Hasieran 55 urtetik beherakoei, orain 60tik gorakoei, eta tartean inori ere ez. AstraZeneca txertoa zalaparta handia sortzen ari da. Zer dela eta?
-Txertoak garatzeko prozesuan egin ziren azterketa klinikoetan, Astrazenecaren txertoa adineko pertsona oso gutxiri eman zitzaion. Ondorioz, adinekoetan ez zegoen txertoaren eraginkortasunari buruzko informaziorik. Horregatik, ez zen hasieran txertoa onartu adinekoentzako. Gauza bera gertatu da haurdun dauden emakumeen kasuan komertzializatu diren txerto guztiekin: daturik ez badago haurdun dauden emakumeen txertaketari buruz (ez delako probatu), ezin da txertorik baimendu haurdunetan. Baina Astrazenecaren txertoa, zenbait lekutan, beranduago probatu izan da adineko pertsonetan, eta kalitatezko datuak lortu direnean (eraginkorra eta segurua dela jakin denean), txertoa helduagoentzat ere baimendu da. Egia da kontrako efektu konkreturen bat detektatu dela Astrazekaren txertoarekin ziztatutakoen artean: oso gutxitan eta batez ere 60 urtetik beherako emakumeetan detektatu diren tronbosi kasu bereziak. Horregatik erabaki zuten zenbait lekutan Astrazenecaren txertoaren erabilera etetea lehenengo eta tronbo horiek izateko arrisku gutxiagoko populazioetan erabiltzea ondoren (adinduagoetan). Dena den, Europako Medikamenduaren Agentziaren (EMA) iritsia oso argia da: Covid-19a izatea askoz arriskutsuagoa da txertoak eragin ditzakeen kontrako efektuekin alderatuz eta txertoa erabili beharko litzateke aurrez erabiltzen zen adinetan ere. Gizartean, zientzialarien ahotsari indarra emateko aldarrikapena dagoen momentu honetan, harritzen nau EMAren iritsiari hainbat administrazioek kasurik ez egitea. Prozesu guzti honetan gauza bat argi geratu da: Farmakozaintzaren garrantzia. Txertoak zein bestelako medikamentuak komertzializatu ondoren, kontrako efektuen jarraipen zorrotza egiten da.
Zer iritzi duzu 60 eta 69 urte bitarteko biztanleak txerto honekin txertatzeari buruz? Segurua dela uste duzu?
-Adin tarte horretako pertsonentzat Astrazenecaren txertoa segurua eta eraginkorra dela demostratu denean, erabakia guztiz logikotzat jo daiteke. Pertsona horiek (60-69 urtekoak), Covid-19 izanez gero, gazteagoek baino arrisku gehiago daukate. Beraz, jasotzen diren txertoak arrisku gehiagoko pertsonetan erabiltzea egokiagoa da.
Pertsona askok ez dute txerto hori jarri nahi. Zergatik sortu du horrenbesteko beldurra eta arbuioa Astrazenecaren txertoarekin?
-Nire ustez informazio gehiegi jasotzen dugu txertoei buruz momentu honetan. Beharrezkoa dena baino gehiago. Hedabideek, titularraren bila, informazio teknikoa helarazten die informazio hori egokiro ulertzeko gai ez diren pertsonei. Informazioarekin bonbardatzen gaituzte. Eta horri batu behar zaizkio hedatzen diren informazio ez-egokiak eta esamesak. Guzti horrek izua eragiten du zenbaitetan.
Herritarrak nahiago duen txertoa aukeratu dezake Astrazenecaren txertoak beldurra eragiten badio?
-Medikuarengana joaten garenean eta medikuak errezeta ematen digunean, errezeta hartu eta jadanik kalean gaudenean begiratzen dugu zer demontre dagoen idatzita paperean. Eta askotan, ez badaukagu argi nola hartu behar den medikamendua, farmazian galdetzen dugu. Zergatik egiten ditugu gauzak horrela? Kaleko pertsonak ez garelako medikamentuetan adituak. Txertoen kasuan ere, nire ustez, zein txerto jaso behar diguten adituek erabaki behar dute. Eta momentu honetan txertaketa osasun publiko esparruko arazoa denez, hartzen diren erabakiak horietan baliabideen kudeaketa kontuan izan behar da. Beraz, tokatzen zaigun txertoa hartu behar dugu. Eta nik horrekin guztiz ados nago.
Herritarrak uko egin diezaioke txertoari? Eta zer gertatzen da kasu horietan?
-Txertatzea ez da derrigorrezkoa. Uko egin nahi dionak txertatzeari ez dadila joan txertatzera. Ez da egongo babestuta eta, ondorioz, arriskuan egongo da. Zergatik ez dio txertatzeko gomendioari kasurik egin? Aztertu beharko da, hori ez baita onargarria osasun publikoaren ikuspegitik. Eta neurriak hartu beharko dira.
AstraZenecaren txertoarekin lotutako heriotzez hitz egiten da, baina ez dira txerto-marka guztiekin erlazionatu heriotzak. Horrek esan nahi du batzuk besteak baino seguruagoak direla?
-Europako Medikamentuen Agentziak (EMA) baimendu dituen txertoak seguruak eta eraginkorrak dira. Horrexegatik daude baimenduta. Txertoa jaso eta hiltzea gerta daiteke, baina jakin behar da erlaziorik dagoen txertaketaren eta heriotzaren artean. Edonor hil daiteke edozein momentutan. Kontuan izan populazioaren laurdena baino gehiago zirkulazio arazoengatik hiltzen dela, eta horietako gehienak tronboak izan dituztelako hiltzen dira. Hau esanda, txertoa jaso eta tronboak izan dituzten pazienteak txerto guztiekin gertatu dira. Egia da, Astrazenecaren kasuan, txertoa tronboen agerpen mota berezi batekin erlazionatu dela. Baina gertaera horren frekuentzia oso-oso baxua da. Tronbo horien agerpena azaltzen duen mekanismo bat deskribatu iza da eta baliteke egiazkoa izatea (baina baieztatu beharra dago). Bitartean, ez da ezagutzen tronbo mota hori izateko arriskuan dagoen pertsonak zein ezaugarri dituen eta, ondorioz, ezin da aurreikusi nork izan dezakeen arazoa. Etorkizunari dagokionez nahikoa argi daukat orain erabiltzen diren txertoak ordezkatu eta garatze bidean dauden beste batzuk erabiliko direla. Seguruagoak eta eraginkorragoak izango dira, eta agian administratzeko errazagoak. Baina momentu honetan txertoen urritasuna nabarmena da (gure artean eta, bestez ere, mundu mailan), eta etor daitezkeen horiei ezin diegu itxaron. Beraz, EMAri kasu egin eta txertatu beharra daukagu EMAk baimendutako txertoekin.
Zure ustez, orduan, gehiegizko informazioa da beldurraren eragile nagusia, eta ez txertoari lotutako heriotzak?
-Aurrez komentu dugu gehiegizko informazioa ematea informazio hori ulertzeko zailtasunak dituenari ez dela komenigarria. Adituak ez garenez adituen eskuetan jarri behar gara. Horretarako daude medikuak eta medikuntzaren inguruan lan egiten duten adituak. Txertaketarekin izututa daudenak ariketa sinple bat egin beharko lukete: etxean dauzkaten botikek eragin ditzaketen albo-efektuen atala irakurri prospektuan. Ohiko ditugun botikek albo-efektu asko eragiten dituzte eta batzuetan behar gehiegirik gabe hartzen diren botikak dira. Ondoren alderatu botika horien eta txertoaren efektua: batak epe laburreko efektua (botika maiz hartu beharra) eta besteak epe luzeko efektua (txertoa). Azkenik pentsatu zein den seguruagoa.
Jakin berri dugu Janssen-en txertoa jaso ondoren ere tronboak detektatu direla, eta bat-batean, txertoaren erabilera gelditu da. Astrazenecaren kasuarekin erlaziorik izan dezake?
-Aurrez aipatu bezala, kasu horiek detektatu dira farmakozaintza egin delako. Orain kasu horiek aztertu beharko dituzte, azterketa egokia egin eta gertatu diren tronboen kasu gutxi horiek txertaketarekin erlazio zuzenik duten aztertu. Ohiko prozedura da albo-efektuak agertzen direnean. Erlazioa balego, dudarik gabe, arazo bat sortzen da: txerto bat erabiltzeko aukera gal daiteke edo, agian, ezin da aurrez pentsatutako pertsonetan erabili. Ez badakigu ere zein ondoriotara heltzen diren ikerketak, egoerak txertaketaren atzerapena eragingo du. Egia da Aztrazenecaren eta Janssenen txertoak adenobirus eraldatuetan oinarrituta daudela (adenobirus desberdinak dira), baina jakiteko erlaziorik dagoen txerto horien eta tronboen agerpenaren artean, jakin behar da Jassen-en txertoaren eta tronboen arteko kausa-efektu erlazioa baieztatzen den. Horrela balitz, gertatzen diren albo-efektuak nola gertatzen diren aztertu beharko da mekanismoak berdinak diren jakiteko. Momentuz ez dago horrelako informaziorik, eta beraz, ezin dugu erlazio horri buruzko ezer esan, baldin eta balego.
Zure ustez, eman diren txertoek eta datozen hilabeteetan emateko daudenek lortuko dute koronabirusaren hedapena geldiaraztea?
-Argi dago osasun-krisi honen konponbidea txertoek ekarriko dutela, eta esperantza horren oinarrian populazioaren % 70aren txertaketan jarri dela, baldintza horietan talde-immunitatea lortuko dela pentsatzen delako. Egoera berri hori lortzeko txertoek eragiten duten immunitate babeslea eta iraunkorra izan beharko litzateke, baina momentu honetan ez dakigu immunitate horrek zenbat iraungo duen. Hor dago gakoa: ez dakigu zer gertatuko den. Baina badakigu munduko biztanleen gehiengoa txertatu eta birusa erradikatzea (desagerraraztea herrialde guztietan) konplexua dela eta ez da gertatuko epe laburrean. Urteetako lana da. Bitartean, arriskua mantentzen da.
"Txertoak garatzeko prozesuan, Astrazenecaren txertoa adineko pertsona oso gutxiri eman zitzaion"
"Astrazenecaren txertoa, zenbait lekutan, beranduago probatu izan da adineko pertsonetan"
"Harritzen nau EMAren iritsiari hainbat administrazioek kasurik ez egitea"