Joseba Bikandi Euskal Herriko Unibertsitateko Mikrobiologia irakasleak esan duenez, txertoaren ondorioz, arriskuan zeuden pertsonak ez daude jada horren arriskuan. Hala ere, koronabirusaren pandemia erabat desagerrarazteko bidea uste baino luzeagoa izan liteke oraindik.
Arriskuko biztanleei txertoa jarri izanak pandemiaren amaieraren hasieran egotea eragiten du?
-Arriskudun biztanleak txertatzean kasu grabeak jaistea eragiten ari da, eta jadanik begi-bistakoa da gure inguruetako ospitaleetan. Baina esan berri dugun bezala, mundua zabala da, eta birusak hegazkinean azkar mugi daitezke edozein lekutara. Beraz, sorpresarik ez badago, guda luzea izango dugu birusarekin. Gainera, birusaren aldaera berriak hedatzen ari dira, eta berriak ere agertzea espero daiteke. Beraz, guda luzea eta konplexua izan daiteke eta gora-beherak izan ditzake. Gainera, azaldu duenez, baliteke maskarak beste birus batzuei aurre egiteko erabiltzen jarraitzea, hala nola gripeari aurre egiteko. "Agian maskararen erabilera berreskuratzea komenigarria izango da etorkizunean arnasbideetako beste infekzio batzuk ekiditeko".
Urte bete barru maskararik gabe bizi ahal izango garela uste duzu?
-Txertaketari esker, immunizazio maila altua lortuko da hainbat herrialdetan, gurean barne, eta maskararen erabilera Covid-19 ekiditeko ez da izango beharrezkoa populazioa immunizatuta mantentzen bada. Baina agian maskararen erabilera berreskuratzea komenigarria izango da etorkizunean arnasbideetako beste infekzio batzuk ekiditeko. Badakigu, adibidez, maskarak gripearen kasuak ia guztiz desagerrarazi dituela aurten eta, gripea ez denez desagertuko mundu mailan, egokia litzateke seguruenik urte-sasoi konkretuetan maskarak armairutik ateratzea.
Zure ustez, Euskadik bilakaera positiboa du pandemiaren aurrean?
-Momentu honetan, dudarik gabe, ez. Kasuen gehipena nabarmena da, ez dago talde immunitaterik eta birusari aukera ematen bazaio argi erakutsi du transmititzeko ahalmena duela. Gainera, nahiz eta zaurgarriak diren asko jadanik txertatuta egon, Covid-19a edonori kalte handia eragiteko gai da.