- Bihar hasiko da Euskaraldiaren bigarren edizioa eta Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak ez du atzean geratu nahi izan. Izan ere, atzo ahaldun nagusiak, Foru Gobernuko beste kide batzuekin eta diputazioko langileekin batera, bigarren edizio honetan eman zuen izena. 2018an sortu zen herri-ekimena, euskararen erabilera sustatzeko eta hizkuntza-jokabideetan eragiteko. Foru agintari nagusiak, gobernuko kide askorekin batera, bihar bertan hasi eta abenduaren 4an amaituko den ekimenean parte hartuko du.
“Euskaraldiaren helburua euskal hiztunak aktibatzea da; izan ere, azken azterketen arabera, euskararen ezagutzak gora egin badu ere, erabilera ez da neurri berean hazi”. Horrela, bada, Arabako Foru Aldundiak 16 urtetik gorako herritar guztiak gonbidatzen ditu Ahobizi edo Belarriprest gisa parte hartzera”, azaldu zuten atzo Arabako Foru Aldundiatik. Eta erantsi zuten: “Ahobizitarrek ahal duten guztietan euskaraz hitz egiteko konpromisoa hartuko dute, eta Belarriprestutarrek, berriz, euskaraz ulertzeko gai direnez baina ez dutenez hitz egiten, gainerakoei beraiekin euskaraz hitz egiteko gonbita egingo diete”. Euskaraldiaren antolatzaileek atzo jakinarazi zutenez, “hainbat eskaera jaso ondoren”, izena emateko epea luzatzea erabaki dute. Sustatzaileen arabera, herritar asko ari dira orain Euskaraldia iritsi dela edo aurten berriro izena eman behar dela jakiten, eta “gehiago izango dira ostiralean bertan, hasiera egunean, konturatuko direnak”. Horregatik, izen-ematea azaroaren 24ko gaueko 23: 59ra arte luzatuko da http://izenematea.euskaraldia.eus/helbidean, ariketaren lehen egunetan egin ahal izateko.
Herritarren eguneroko harremanetan “hizkuntza inertziak astindu eta euskararen erabilera areagotzea” da Euskaraldiaren helburu nagusia. Harreman horiek, Covid-19aren eraginez mugatuta eta baldintzatuta egon arren, “egunerokoak izaten jarraitzen dute”, Euskaraldiako antolatzaileen hitzetan. Ondorioz, “kalean presentzia gutxiago izango dugun arren, hurbileko harreman sareetan hizkuntza-ohiturak aldatzea posible dela, eta Euskaraldia egin egingo dela” azpimarratu zuen Arrate Illaro Euskaraldiaren koordinatzaileak. Lehen edizioko emaitzek azaleratu zutenez, belarriprest gisa parte hartu zutenek ariketa egin aurretik baino jokaera aktiboagoa izan zuten, gerora, hizkuntzarekiko. Beraz, belarriprest rolak norberaren zein ingurukoen hizkuntza-ohiturak aldatzen laguntzen duela azpimarratu dute.
“Euskaraldiaren helburua euskal hiztunak aktibatzea da”