- Arabak lanean eta ahaleginean jarraitzen du lurraldean euskararen erabilera bultzatu eta indartzeko. Hala, Arabako Foru Aldundiak Arabako entitateek eta euskalgintzako eragileek euskararen erabilera bultzatzeko eta sustatzeko laguntzak martxan jarri ditu. Guztira 529.900 euroko dirulaguntzak dira, lau lerrotan berezita eta eskaera egiteko epea irekita dago dagoeneko.
"Euskararen Foru Zerbitzuak kudeatzen dituen dirulaguntza lerroak dira hauek eta aurtengo kasuan oso garrantzitsuak, 2020an Covid-ak egoera hain larrian den euskalgintza eta euskararen erabilera bultzatzen duten hainbati zuzendutako dirulaguntza lerroak baitira", adierazi zuten atzo Arabako Foru Aldundiatik. Dirulaguntza lerroak honakoak dira: Euskaraz sozializatzeko udal eta kuadrillei zuzendutakoa (150.000 euroko diru-laguntza), Euskaraz sozializatzeko irabazi asmorik gabeko elkarte, guraso elkarte eta kirol federazioei zuzendutakoa ( 101.500 euro), herri- edo eskualde-mailako euskarazko hedabideei zuzendutakoa (193.400 euro) eta helduen euskalduntzea sustatzeko 2020-2021 kasturterako herritarrei zuzendutakoa (85.000 euro). Ildo beretik, Araba.eus eta Euskaraba.eus webguneetan eskaera egiteko dokumentazioa izango da. Irailaren bigarren astea arteko epea izango dute interesatuek euren eskaerak tramitatu ahal izateko.
Laguntza horiekin, Aldundiak ahaleginak egiten jarraitzen du lurralde osoan euskararen erabilera hobetzeko eta indartzeko. Izan ere, duela gutxi Gasteizko Udala eta Diputazioa Aldundiaren kanpoaldean bildu ziren euskararekiko eta euskaraldiarekiko konpromisoa adierazteko. Bertan Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak gogorarazi zuenez, Euskaraldiak bat egiten du Araban Euskara Sustatzeko Plan Estrategikoarekin (2019-2022): "Hiztunak eta hiztun-sareak aktibatzea, edo lurraldean euskaraz bizitzeko aukerak bermatzeko baldintzak sortzen jarraitzea" dira Arabako Foru Aldundiaren eta Gasteizko Udalaren helburu sendoak.