- Eh Bilduk Gasteizko alkatea den Gorka Urtaranen erabakia “pozgarria” dela deritzo, baina “berandu” datorrela ere. Izan ere, asteartean, dekretu bidez, Juan Carlos I.a kalearen izena aldatzea erabaki zuen, eta horren ordez Martxoaren 8ko Etorbidea deitzea.
Erabaki honen aurrean, Eh Bilduk adierazi zuen atzo prentsa ohar baten bidez, “oso berandu” datorrela eta, gainera, “gutxiegi” dela. “Erabakia zortzi urte berandu dator, 2012. urtean dagoeneko udalbatzaren adierazpen bat zegoelako kale izena aldatzeko beharra jasotzen zuena. Aurten bertan beranduegi dator, halaber, hilabeteak igaro direlako iragarri zenetik, eta Urtaranek hauteskundeak pasa arte itxaron duelako gauzatzeko, soilik bere interesak lehenetsita. Gainera, erabat eskasa da, ezin delako ulertu horrekin batera kale izendegitik monarkia ustel osoa desagerrarazi ez izana, Juan Carlos Iaren emazte Sofiari kalea kenduta”, adierazi zuen udal bozeramailea den Miren Larrionek.
Bilduk salatu zuen, horri lotuta, orain dela urte batzuk memoria historikoa aztertzeko lantaldeak proposatu zuela erregimen frankistari lotutako kale izenak aldatzea. “Orduan Urtaranek ezezko borobila eman zuen, aldaketa horiek gauzatzeko ustezko arazo teknikoak eta zailtasun hipotetikoak argudiatuta”.
Zentzu horretan, taldeak uste du “aukera bat galdu dela” kale izendegiaren egoerari buruzko gogoeta sakon bat abiatzeko, “Gasteizko kaleen izenetan emakumeen presentzia eskasa zuzentzeko lantalde berrian adostutako erabaki bat hartzeko, edo Salburuko auzokideek gaiari buruz duten iritzia entzuteko”.
Izan ere, Eh Bilduk azaldu zuen Urtaranek, “berriro ere, ez duela beste inorrekin hitz egiten, eta alde bakarreko erabakiak hartzen ditu inolako parte-hartze edo adostasun izpirik gabe”.
Horregatik, aurreratu zuten haiek lanean jarraituko dutela “monarkia ustel bati aipamenik egingo ez dion kale izendegi baten alde, irmoki emakume gehiago kale izenetan sartzeko, eta diktadura frankistatik geratzen diren arrastoak behingoz ezabatzeko”, berretsi zuen gainera Larrionek. Gainera, taldeak aurreratu du jada ekimenak aurkeztuko dituela norabide horretan.