- Arabak bederatzi kasu positibo berri erregistratu zituen astelehenean, aurreko egunean baino bi gehiago. Hala aurreratu zuen atzo eguerdian Lehendakaritzako prentsa-aretoan ospatutako Gobernu Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan, Osasuneko sailburua den Nekane Murgak covid-19aren inguruko datu eguneratuak eskaini zituenean. Guztira, gogoratu zuen, 4.148 PCR proba egin zirela, eta, haietatik, 130 positiboak izan zirela.
Momentu honetan, Bizkaia da oraindik positibo gehien dituen probintzia (85 astelehenean), eta Gipuzkoa 35 kasu berri izan zituen. Gainera, beste bat Euskaditik kanpo bizi den pertsona batean eman zen. “Ospitaleen egoera dela eta, covid-aren ondorioz, 5 pertsona ospitaleratu ziren astelehenean, eta covid-a duten 4 pertsona ZIUn daude, aurreko egunean baino bat gehiago”, adierazi zuen gainera Murgak.
RO-ari dagokionez, batetik gora mantentzen da (1,06), aurreko egunean baino pixka bat altuagoa. Izan ere, astelehenean eguneratuak eman zituztenean datuak, larunbatean, igandean eta astelehenean bertan zegoen RO-a ere eman zuten; 1,34; 1,17; eta 1,05 hurrenez hurren.
Osasun sailburuak Ermua eta Eibarreko fokuan jarri zuen atzo gainera begirada. Izan ere, astelehenean hamaika kasu berri identifikatu ziren Eibarren (horietako bederatzi jada positibo eman zutenen kontaktu estuak dira), eta Ermuan beste 16 (13 kontaktu estuak). “Horietako asko asintomatikoak ziren, eta haien bila joan dira probak egiteko eta fokua kontrolpean izateko”, azaldu zuen Murgak horren inguruan. Eibarren eta Ermuan, gainera, honi aurre egiteko hartutako neurriak mantenduko direla gogoratu zuen, adieraziz probak egiten direla ahalik eta diagnosi goiztiar gehien izateko.
Berriz ere, astelehenean bertan aurreratu zituzten neurriak ere berretsi zituen Murgak. Zentzu horretan, aste amaieran ezarriko den aginduak aukera ematen du lurraldearen eremu batean espezifikoki aplikatuko diren neurriak ezartzeko, egoera epidemiologikoaren arabera. Horregatik, Eibarren eta Ermuan neurriak mantentzen diren bitartean, Bergaran eta Tolosan, berriz, agindu hau indarrean sartzen denean, amaitu egingo dira fokuei eusteko helburuarekin ezarri zituzten neurri bereziak.
Bestalde, eta horren inguruan galdetuta, azaldu zuen Hernanin gertatutakoa ez dela konfinamendu bat, baizik eta eraikin berdinean zenbait pertsona egin dutela PCR proba eta emaitza izan arte, etxean geratu behar direla.
Berriz ere, Murgak diagnosi goiztiarraren garrantzia azpimarratu zuen, eta herritarren laguntza eskatu zuen, “erantzukizuna ezinbestekoa delako birusari aurre egin ahal izateko”.
Aurreko egunean aurreratutako neurriak gogoratu zituen, ostalaritzari, eta beste eremuei dagokionak. “Azken asteetan neurriak indartu dira eta bereziak hartu dira herri batzuetan; maskaren derrigortasuna ezarri da, eta distantziak mantendu behar ditugu bizi ez garen jendearekin. Birusa ez dago lokaletan, perstonetan baizik”, azaldu zuen Osasun sailburuak. Izan ere, neurri hauek ez betetzea, “jendea arriskuan jartzea da”.
Prentsaurrekoan, Hezkuntzako sailburua den Cristina Uriarte ere bertan izan zen. Gogoratu zuenez, Eusko Jaurlaritza lanean ari da irailean eskoletara bueltatzea ikasleen, irakasleen eta gainerako hezkuntza-komunitatearen segurtasun-baldintza osoetan egin ahal izatea bermatzeko. Zentzu horretan, ikasturtea planifikatu dute eta protokoloa ezarri dute, Osasun sailarekin lankidetzan. “Ez dugu aurreikusi irakasle gehiago kontratatzea”, adierazi zuen gainera.
Bestalde, Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramaileak aurreratu zuen, bere partez, Lehendakariak enbaxadore britainiarrarekin hitz egin zuela eta adierazi ziola kezkatuta dagoela Euskadiren ospearen irudiarekin eta erabaki horrek turismoaren, merkataritzaren eta ostalaritzaren sektorean izan duen eraginarekin. Izan ere, eta gogorarazi zuenez, Erresuma Batuak Espainiatik doan jendeari berrogeialdia ezarri dio.
“Eusko Jaurlaritzaren ustez, autonomia-erkidego guztien egoera ez da berdina, eta horrelako erabaki edo gomendio negatibo generikoek kalte handia egin diezaiokete Euskadin bisitarien etorreraren %4 hartzen duen sektore bati, eta dagoeneko oso kaltetuta dagoena krisi horrekin”, azaldu zuen Erkorekak bere hitzaldian.
Hezkuntzan. Hezkuntzako sailburua den Cristina Uriartek azaldu zuen Eusko Jaurlaritza lanean ari dela irailean eskoletara bueltatzea ikasleen, irakasleen eta gainerako hezkuntza-komunitatearen segurtasun-baldintza osoetan egin ahal izatea bermatzeko.
Osasun sailburuak diagnosi goiztiarraren garrantzia azpimarratu zuen bere hitzaldian, eta herritarren laguntza eskatu zuen, “erantzukizuna ezinbestekoa delako birusari aurre egin ahal izateko”.
130
4.148 PCR proba egin ziren, eta, haietatik, 130 positiboak izan ziren. Araban 9 positibo erregistratu ziren. Momentu honetan, Bizkaia da oraindik positibo gehien dituen probintzia (85 astelehenean), eta Gipuzkoa 35 kasu berri izan zituen astelehenean.
1,06
RO-ari dagokionez, batetik gora mantentzen dela aurreratu zuen Osasun sailak (1,06), aurreko egunean baino pixka bat altuagoa. Izan ere, astelehenean eguneratuak eman zituztenean datuak, larunbatean, igandean eta astelehenean bertan zegoen RO-a ere eman zuten; 1,34; 1,17; eta 1,05 hurrenez hurren.