- Atzo goizean ospatutako Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren batzordean, Mugikortasun eta Espazio Publikoaren saileko zinegotzi ordezkaria den Amaia Barredok momentuz Gautxoriak ez direla berreskuratuko aurreratu zuen. Izan ere, eta adierazi zuenez, "momentu honetan ez dago aurreikusita zerbitzu hau berreskuratzea zenbait arrazoiengatik; premiazkoak diren beste zerbitzu batzuk daudelako, aisialdiarekin lotzen delako eta ez mugikortasun premiarekin, eta covid-19aren kasu berriek frogatzen dutelako ez dela lehentasun bat izan behar gaueko mugikortasunak sustatzerako orduan", adierazi zuen, Elkarrekin taldearen zinegotzia den Oscar Fernandezek galdetuta.

Martxoaren 13an, Gasteizek Gautxori zerbitzua bertan behera utzi zuen joan-etorriak murriztearren, baita gaueko aisialdia geldiarazteko, euste neurri bat bezala. "Bertan behera geratu zen lehenengoetariko zerbitzua izan zenez, berreskuratuko den azkenengoetarikoa izan beharko litzateke", argudiatu zuen zinegotzi ordezkariak.

Bere hitzaldian, gogoratu zuen duela hilabete bat Lehendakariak dekretu bat sinatu zuela normaltasun berrian sartzeko, baina "erantzukizunarekin eta ardurarekin, birusa oraindik gure artean dagoela kontuan izanda", aipatu zuen Barredok. Zentzu horretan, eta normaltasun berri honekin hartu diren neurri berriak aipatuz, "egun daukagun gaueko aisialdia ez da covid-19a heldu baino lehen geneukana", aitortu zuen.

Zentzu horretan, "gure hirian itxi behar izan duten diskotekak ikusi ditugu, ezin zutelako kontrolatu establezimenduaren barruan gertatzen zena". Eta momentu hauetan, adierazi zuenez, egoera ez da hainbeste aldatu: "Ikusten ari gara kasu berriak ematen ari direla, eta askok gaueko aisialdian daukate bere jatorria". Horregatik, eta adin tartea 20 eta 40 urte bitartean dagoela kontuan izanda, erabaki hau hartu zutela adierazi zuen. "Gainera, pandemiak gastua egokitzera behartu gaitu, gastu ahalmena mugatua baita guztiontzat, eta premiazkoak diren elementuetan jarri behar dugu begirada", adierazi zuen amaitzeko.

Bestalde, eta horren inguruan ere galdetuta, Barredok Tuvisako 5. linean egindako ordutegien murrizketen inguruan hitz egin zuen, Oscar Fernandezek horri buruzko informazioa eskatu baitzuen. Zentzu horretan, adierazi zuen ez direla "ordutegi murrizketak", baizik eta erabiltzaile kopurura egokitu direla ordutegiak. Gainera, eta oporrak gertu daudela kontuan izanda, ez dute aurreikusi aldaketak emango direnik, baina egoeraren arabera hartuko dituzte erabakiak.

5. linea -Salburua Elejalde- Jundizera heltzen dena da; hiru luzapen ditu gainera honek -Astegieta, Ariñez eta IAT-. Adierazi zuenez, Salburua-Elejalde lineako autobusek 10 minuturo pasatzen dira normalean, baina orain 15 minuturo egiten dute; eta luzapenak mantendu dira, 30-60 minutu bitarteko tartearekin, luzapenaren arabera.

Industrialdera langile gehien eramaten dituen luzapenak 5B izenekoa da, Jundiz-Ariñezekoa, alegia. "Erabiltzaileen murrizketa dela eta, ez ditugu maiztasun guztiak berreskuratu, erabiltzaile kopurua ez delako berreskuratu. Berreskuratzea pixkanakakoa izan da, eta aurreko urtearen %52a berreskuratu dugu", azaldu zuen Barredok.

Hala ere, covid-19aren kasu berriek datu hauek berriz behera egitea eragin dutela aurreratu zuen zinegotzi ordezkariak. "Izan ere, honen aurrean, eta prebentzio neurri bat bezala, jendeak joan-etorriak murrizten ditu". Gainera, eta uda dela eta, aurreratu zuen uztailaren 15etitk aurrera erabiltzaile kopurua ere murrizten dela, eta abuztuan udako ordutegia ezartzen dela. Fernandezek adierazi zuen ordutegiak murriztearen erabakiak jendea autora erabiltzera behartuko duela, eta "begietan benda bat" daukala aurpegiratu zion Barredori. Honek erantzun zion benda hori edukiko balu, "hasieratik zerbitzuaren %100a ezarriko nuen, baina Tuvisaren egoera ere hartu dugu kontuan. Gainera, enpresa askok ere Erte-an jarraitzen dute".

Hala ere, Udalak eta Tuvisak astero aztertzen dute egoera eta aldaketak ezartzen dituzte beharren arabera. "Uztailean, industrialderako bidean, ez dira autobusetan edukiera arazoak eman, eta gainera lehen baino errefortzu gehiago daude", azpimarratu zuen.

Zentzu horretan, 4 ordutegi daude goizez (5.20, 6.20, 7.15, 7.45). hiru eguerdian (13.15, 14.15, 14.45), eta beste lau arratsaldez (18.15, 18.45, 19.45, 21.15). Momentu honetan 4 ordutegi eskaintzen diren tarteetan, pandemia heldu baino lehen sei ziren, eta eguerdian 8 guztira. "Normaltasun berri honetan, Tuvisak eta Udalak erabiltze portzentaia aztertzen dute astero, eta eskaera konkretuak ematen direnean, aldaketak egiten dituzte", adierazi zuen amaitzeko zinegotzi ordezkariak.

%52

Amaia Barredok azaldu zuen 5. linearen berrezkuratzea pixkanakakoa izan dela, eta aurreko urtearen %52a berreskuratu dutela.

4

Momentu honetan, 4 ordutegi daude goizez (5.20, 6.20, 7.15, 7.45). hiru eguerdian (13.15, 14.15, 14.45), eta beste lau arratsaldez (18.15, 18.45, 19.45, 21.15). 4 ordutegi eskaintzen diren tarteetan, pandemia heldu baino lehen sei ziren, eta eguerdian 8.