- Nekafin finantza tresna 50 milioi eurorekin gaitzeko Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburu Arantxa Tapiak eman duen Agindua argitaratu da dagoeneko EHAAn. Zirkulatzaile lerro horretan parte hartu dute Elkargik eta Finantzen Euskal Erakundeak eta Covid-19aren inpaktuagatik Euskadiko edarien sektoreak duen egoera zaila arintzeko balio du.
"Eusko Jaurlaritzak, HAZI Fundazioaren bitartez, edarien sektoreari laguntzeko hainbat ekimen abiarazi du, eta ezohiko laguntza finantzario hau da horietako bat, beste batzuekin batera, hala nola sektorearen lehiakortasuna areagotzeko ekimena, posizionamendurako eta salmentarako ekintzak indartzekoa eta Euskadiko upategi eta ardoak sustatzeko ekintza berriak martxan jartzekoa", adierazi eta erantsi zuten Eusko Jaurlaritzatik: "Ekimen horiek berriki egin den bilera batean aurkeztu zitzaizkion sektoreari, eta bilera horretan ere erabaki zen sustapen kanalak indartzea, euskal upategietako produktuak salmenta eta posizionamendu bide berrien bitartez bistaratzen utziko duten ekintzak eginez, berriki eratu den Ardoa Basque Wine Officek koordinatuta eta finantzatuta".
NEKAFIN tresna, zeina 50 milioi eurorekin zuzkitu baita, "mailegu amortizagarria da, eragiketa bakoitza gehienez ere 1.500.000 eurora arte finantzatzeko".
Maileguak kapital zirkulatzailearen beharrak asetzeko erabili beharko dira, behar hori edozein dela ere, eta ezin izango dira erabili lehen mailako ekoizleei erositako produktuen prezioa edo bolumena aldatzeko. Zirkulatzailearen gehieneko beharrak kuantifikatzeko, 2020ko ekitaldiko jarduera-maila erabiltzen da adierazle gisa.
Elkargik %100ean bermatuko ditu maileguak, eta haren bermeak, nominalaren %0,50eko formalizazio-komisioaz gain, urteko saldo biziaren %0,50eko kostua izango du ekitaldiaren hasieran. 200.000 eurotik beherako maileguetan, behin bakarrik eta aldez aurretik likidatuko da. Era berean, abalak Elkargiren bazkide izaera hartu beharra dakar, eta, horretarako, sozietatearen partaidetzak harpidetu eta ordaindu beharko dira, eragiketaren zenbatekoaren % 4ko balioa dutenak eta kitatzeko unean itzul daitezkeenak.
Eusko Jaurlaritzaren hitzetan, "berriki eratu den Ardoa-Basque Wine Office bulegoak laguntza osoa eskaintzen dio Euskadiko edarien sektoreari, Arabako Errioxako upategiak, hiru Txakolin Izendapenak, Sagardoa eta Garagardoa merkatu nazionalean eta estatalean zein nazioartekoan aurrera eramaten ari diren estrategia indartzeko". Bulego honen bitartez, Eusko Jaurlaritzak edarien euskal sektorea koordinatzea, orientatzea eta etorkizuneko eszenatokiak proposatzea sektore horretarako helburua lantzen du.