- Atzo ospatutako Klimaren Aldeko ekintzaren eta Nekazaritza Eremuaren batzordean, hiri-baratzeen erabilera arautzeko udal ordenantza aldatzeko proiektua izapidetzeko egutegia onetsi zuten talde politikoek. Sail honetako zinegotzi ordezkaria den Ana Oregik azaldu zuen ordenantza hau Ingurugiro Gaietako Ikastegitik prestatzen dela, baina udal ordenantza bat denez, araudiak ezartzen dituen izapideak bete behar direla.
Proiektu hau martxoaren 13an onetsi zen gobernu batzarrean, baina covid-19a dela eta, orain arte ezin izan zuten batzarrera ekarri. Horregatik, atzo proiektua aurkeztu zuten. Egutegiak, abuztua gertu dagoela kontuan hartuta, aldaketak izango ditu. Normalean taldeek 15 egun dituzte zuzenketak egiteko, baina gaurtik irailaren 2ra arte izango da epea azkenean. "Horrela, hasierako onespena irailera eraman dezakegu, eta egun horretatik aurrera alegazioak aurkezteko 30 egun izango ditu jendeak", azaldu zuen. Zentzu horretan, espero dute urte amaieran onespen definitiboa egin ahal izatea.
Ingurugiro Gaietarako Ikastegitik, Robertok aldatuko denaren inguruan hitz egin zuen, eta azpimarratu zuen berraztertze juridikoa eta teknikoa egingo dela, kudeaketaren ikuspegitik. Horien artean, adibidez, atal teknikoari dagokionez, kudeaketa zuzena eta zeharkakoaren inguruko desberdintasunak argitu dituzte, eta lursail guztiak erabiltzen direla bermatzeko aldaketak ezarri, besteak beste. Eh bilduko Amancay Villalbak eskatu zuen, halaber, aurkezten ari diren aldaketa guzti hauen berri ortuak kudeatzen dituzten elkarteei ematea.