- Datozen egunetan, Udaltzaingoak Salburuan eta Zabalganan dabiltzan ibilgailuen abiadurei arreta berezia jarriko diela adierazi zuen atzo. Horretarako, ohiko puntuetan eta abiadura handiak detekta daitezkeen beste bide batzuetan radar mugikorrak instalatuko ditu. “Covid-19aren ondoriozko deseskalatze prozesuaren ondoren, lekualdaketetarako ibilgailu partikularraren erabilera berriz ere handitu den unean iritsi da neurria”. Hala adierazi zuten prentsa ohar baten bidez.

Izan ere, Udaltzaingoak auzo horietan zirkulazioaren abiadura-igoera posiblea eragotzi nahi du. “Iaz egindako ikerketa baten arabera, gidarien %30ak 70km orduko abiadura gainditzen zuen”, gogoratu zuten.

Azken finean, hiribideetan 60km ordutik gorako abiadura-muga gainditzea bideko segurtasunaren aurkako delitu gisa tipifikatuta dago, eta zigorra 3 eta 6 hilabete arteko espetxea edo isuna, edota komunitaterako lanak izan daitezke, baita 1 eta 4 urte artean gidabaimena kentzea. Gainera, astelehenetik asteartera, Udaltzaingoak hamabost zirkulazio-istripu erregistratu zituen.

Bestalde, Herritarren Segurtasunaren sailak web-mintegi bat antolatu du biharko. Bertan, hainbat alorretako adituek adingabeen arteko adikzioak, horien prebentzioa eta erakundeek ematen dioten tratamendua aztertuko dela adierazi zuten atzo prentsa ohar batean. Gasteizek Drogei buruzko Tokiko Ekintza zerbitzuaren esperientzia azalduko du bertan. Horren bidez, “Herritarren Segurtasunaren sailak drogekin lotutako egoeretan arreta ematen du eta, bereziki, adingabeak drogak -legezkoak edo legez kanpokoak- hartzen hastearekin lotutakoetan”, gogoratu zuten.

Osasun publikoaren alorreko medikua den Joseba Zabalak zuzentzen du gainera Udaltzaingoaren zerbitzu hori, eta 2019an adingabeen kontsumoarekin lotutako 196 kasutan esku hartu zuela gogoratu zuten sailekoek. Egoera horien tratamenduan Pendrive kritikoa deritzon baliabide psiko-hezitzailea erabiltzen dela ere azaldu zuten, adingabeek drogekiko esperientziari buruzko autokritika egiteko tresna.

Drogei buruzko Tokiko Ekintzak tabakoaren eta kalamuaren kontsumoa gutxitu egin dela nabaritu du, baita alkoholaren kontsumoa normaltzat jotzen dela gizartean; “Hori arazo handia da, gainditu beharrekoa, eta erronka handietako bat prebentzioaren alorrean”, zioten Segurtasun sailetik.

Biharko web-mintegian, Joseba Zabalak eta Joseba Pinedok Pendrive kritiko horren esperientzia azalduko dute. Izan ere, adingabeen artean prebentzioa lantzeko eta kontsumoengatiko isunak saihesteko aukera dela diote, 1.000 eurora irits baitaitezke berrerorleen kasuan.

Web-mintegi honetan ere Xavier Arana -Kriminologiaren Euskal Institutua-, Elena Aldasoro eta Irune Urbitarte -Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritza-, Ruben Ramos -Gasteizko Udaltzaingoaren Adingabeen Taldeko arduraduna-, Maria Avila -Euskadiko Birgizarteratze Institutua- eta Montse Bartola -Bartzelonako Osasun Publikoko Agentzia- adituek hartuko dute parte.

Herritarren Segurtasunaren zuzendari den Javier Saez Lanasek irekiko du web-mintegi hau, eta esperientziak partekatzeaz gain, beste helburu batzuk lortu nahi dituztela azaldu zuten. Horien artean, esku hartzeko irizpideak adostea eta herritarrak eta erakundeak lege-arauek prebentzio-tresna gisa duten garrantziaz sentsibilizatzea daude.