- Idiomas Fundazioak aurten berrikuntzak dakartza. Vital Fundazioaren erakundeak bere webgunea berritu du eta ohiko ikasle nahiz ikasle berrientzako online matrikulazioa erraztuko du, "covid-19a dela eta ohitura ugari aldatu direlako".
Atzo prentsa-ohar baten bidez adierazi zutenez, "erakundea prest dago datorren ikasturtearen hasieran edozein egoerari aurre egin ahal izateko eta, behar izanez gero, irakaskuntza-modalitate desberdinak -aurrez aurrekoa, online eta mistoa- uztartzeko. Gainera, kuota ordaintzeko erraztasunak eta hobariak egongo dira".
Bestalde, oraingo ikasturteari dagokionez, Idiomas fundazioak kaltetutako familiei hiru aukera emango dizkiela aurreratu zuten: jarduera eten den epealdiko kuoten zati proportzionala berreskuratu ahal izango dute, zenbateko hori arrazoi solidario bati eman edo Idiomas fundazioa bera hobetzeko itzuli.
Atzo hasi zen jada 2020-2021 ikasturterako matrikulazio epea, eta ekainaren 30era arte egongo da zabalik, aurrez aurre, 17.30etik 21.00etara, eta abuztuaren 23ra arte online, www.fundacionidiomas.eus webgunean. Matrikula Idiomas fundazioaren egoitzan burutu nahi dutenek, Estenaga Apezpikuaren kaleko 1. zenbakian egin ahalko dute, aldez aurretik hitzordua eskatuta 945 257 666 telefonoan. Ikasle berrien kasuan, nahitaez aurrez aurrekoa izan behar duen maila-probak ere aldez aurreko hitzorduarekin egin beharko dute. Helduentzako zein eskola-umeentzako ingeles, frantses eta aleman ohiko klaseez gain, beste urte batez txinera eta arabiera hastapen-ikastaroak eta ingeles komertzialaren ikastaroa ere emango dira.
Egun hauetan, Idiomas fundazioko lan-taldea pertsonalki harremanetan jartzen ari da ikasleekin, zenbait gaien berri emateko; hala nola, nola geratu den ikasturte honen itxiera, hurrengo ikasturtean zein mailatan hasiko diren, etab. "Ikasle horientzat zein berrientzat, ikastaroko kuotei aurre egiteko erraztasunak emango zaizkie, baita bi epetan ordaintzeko aukera ere (iraila eta urria); hobariak egongo dira ikastetxeko egungo ikasleek gonbidatuta etortzen diren ikasleentzat (%10 ikasle berriarentzat eta ikasle zaharrarentzat, biak matrikulatzen badira), eta %10eko deskontua mantenduko zaie familia ugarietako kideei", aurreratu zuten.