- Lehen alkateordea den Maider Etxebarriak atzo aurreratu zuen Gasteizko Udalak abian jarri duela administrazio-izapidea bere sailak landutako Gasteizko Ekonomia Suspertzeko Planak jasotzen dituen laguntzak aktibatu ahal izateko. Zentzu horretan, iragarri zuen deialdiaren oinarrietan eskabideak aurkezteko epea “ekain erdialdera” hastea aurreikusten dutela. “Hala ere, horrelako prozesuek —aurrekontu-aldaketa garrantzitsuetatik eratorritakoak izanik— administrazio-bide bati jarraitu behar diote, eta horren buruan dagozkien iragarkiak Arabako Lurralde Historikoaren Aldizkari Ofizialean argitaratu behar dira”, gogoratu zuen zinegotziak.
“Sektoreari laguntzak abian jarriko genituela hitz eman genion, eta gure hitza betetzen ari gara. Epea ahalik eta azkarren irekiko da, ekain erdialdera ziur aski, administrazio prozesua errespetatu beharra baitago”, azaldu zuen. Jada joan den astean adierazi zuenez, besteak beste, 750.000 euroko partida bat sortu da hiriko enpresek eta autonomoek segurtasun-materiala eros dezaten.
Birusak eragindako aholkularitza- eta kontsultoria-gastuak ere finantzatuko direla azaldu zuten, baita itxialdian egindako eraldaketa digitalarekin lotutako inbertsioak ere. Zehazki, hamar langile baino gutxiago dituzten enpresa txikientzat izango dira laguntza hauek.
Horiek Gasteizko Ekonomia Suspertzeko Planaren bost ardatzetako lehenean jasotzen direla gogoratu zuten Ekonomia Sustapenaren, Enpleguaren, Merkataritzaren eta Turismoaren sailetik, eta “hiriko sektore ekonomikoen eskaera nagusietako bati erantzuten diote”. Diruz lagundu daitezkeen gastuen artean -adierazi zuten- daude maskarak, eskularruak, aurpegia babesteko pantailak, manparak, prebentzioko eta higiene sanitarioko materiala, baita instalazioak desinfektatzeko materiala ere; hala nola gel edo xaboi desinfektatzaileak.