gasteiz- Denontzako; euskaraz dakitenentzako eta euskara bakarrik ulertzen dutenentzako ere. Arabako Lautadako koadrilak, Donostiako Intxaurrondo auzoarekin batera, Euskaraldiaren edizio berezia biziko du. Izan ere, hilaren 21etik 27ra bitartean, Simulakroak izeneko aldi bat biziko dute. Hau da, zazpi egunez, Euskaraldia simulatuko da. Oraingo honetan ere, Belarriprest eta Ahobizi profilak eta rolak abian jarraituko dute, beren txapa identifikatzailearekin.

Nobedade gisa euskara hutsean jaiotako ariguneak dira. “Aurreko Euskaraldiaren edizioa bezala, aurtengo Simulakroan Belarriprest edo Ahobizi izaten jarraituko dugu, ahal dugun etxekoekin, ahal dugun kuadrillakoekin, ahal dugun ikaskideekin, ahal dugun lankideekin”, azaldu dute Euskaraldiko antolatzaileek. “Baina, hemen dator berrikuntza, Belarriprest edo Ahobizi izango gara sor daitezkeen arigune berrietako kide guzti-guztiekin”, nabarmendu dute.

Baina, zer da arigunea? Ildo honetatik jarraituz, arigunea euskaraz lasai aritzeko taldea edo gunea dela adierazi dute antolatzaileek. Izan ere, ariguneetan Belarriprest eta Ahobizi izatea askoz errazagoa dela uste dute eta, horregatik, 2019an eta 2020an entitateek sustatu ahal izango dituzte ariguneak beren entitateko kideen adostasunarekin.

Bi motatako ariguneak daude: lehenengoa, entitate baten barne funtzionamendurako talde bat denean, esaterako, lantegiak, kolektiboak edo ikastetxeak, besteak beste. Normalean, talde honetan kideen %100ak euskaraz ulertzen du eta, %80ak ados baldin badaude parte hartzeko, hizkuntza praktikak euskarara aldatzea lortu daiteke edo, “dagoeneko, euskaraz egiten badute ohitura hori finkatzeko balio du”, aitortu dute.

Harremanetan Bigarrena, aldiz, entitatean herritarrekiko harremana egiten duen gunea dela ere azaldu dute. Hau da, dendaria, telefonoa hartzen duena, harrerakoa, besteak beste. “Gune horretan dagoen pertsonak euskaraz ulertzen badu, arigune bat sortuko du herritarrekin edo bezeroekin. Entitateak bermatu behar du Euskaraldiak irauten duen egunetan, uneoro, herritarrekin harremana egingo duen kidea Belarriprest edo Ahobizi izango dela”. Eta herritarrek zer egin behar dute? Iaz bezala, rola ondo aukeratu. Hau da, Belarriprest edo Ahobizi. “Erne, Ahobizi izatea ez da erraza! Zalantza sortzen badizu Ahobizien konpromisoa betetzeak? hobe Belarriprest izatea”, gomendatu dute antolatzaileek.

Lautadako aurtengo Simulakroan ez da izenik eman behar, baina hilaren 7tik aurrera, txapak banatzen dira. Izan ere, Euskaraldia festarekin hiru hizkuntza-praktika berri hauek normalizatu nahi dituzte: ulertzen duenari euskaraz egitea nahiz eta solaskideak erdaraz erantzun, ezezagunei lehenengo hitza euskaraz egitea, eta talde erdaldunetan ere, ulertzen dutenekin euskaraz egitea normala izatea.