gasteiz - Datorren abenduaren 3an izango da, urtero bezala, Euskararen Eguna. Egun bakar batean ezinezkoa izango litzateke antolatutako ekintza guztiak biltzea, hortaz, Euskararen Asterako diseinatutako ekitaldi-egitaraua aurkeztu du Udalak, Arabako Foru Aldundiarekin eta talde euskaltzale ugarirekin batera. Gaurtik abenduaren 3ra bitartean iraungo dute ekitaldi horiek edonorentzat eta adin guztietakoentzat, Euskarak 365 egun lemarekin.
Euskal Herriko herri guztietan burutu nahi duten proiektua da, euskaraz ulertzen duten herritarren aktibazioa bilatzeko, bakoitzaren gaitasunaren arabera. Horretarako herritarren eta udalen batzorde dinamizatzaileen sorrera bultzatzen ari da, herritarrak eta udalak, elkarlanean, euskararen erabileraren sustatzaile nagusiak izan daitezen.
Gasteizen eta Araban euskaldunon kopuruak gora egin du nabarmen azken urteotan. Gero eta jende gehiagok du euskaraz hitz egiteko gaitasuna. Kalean erdaraz hitz egiten duten euskaldunen kopurua adierazgarria bada ere, apurka-apurka gora doa euskararen erabilera Arabako eta Gasteizko kaleetan.
Gaur, Euskarak 365 egun dinamikaren baitan, 11 egun euskaraz ekimena aurkeztuko du Kike Amonarriz (Tolosa, 1961) soziolinguista, umorista eta telebista aurkezleak Gasteizen, Oihaneder Euskararen Etxean arratsaldeko zazpietan.
Arabako euskaldunak aktibatzeko 365 arrazoi aurkezpen hitzaldia eskainiko du Amonarrizek. Aurkezpen hitzaldi berean, ekimen horren harira Araban sortzen ari diren herrietako batzorde dinamizatzaileetako biren ordezkariak elkarrizketatuko ditu gonbidatu nagusiak, Zuiakoak eta Arabako Mendialdekoak.
herri eta kuadrillak Aurkezpen hitzaldi hau Euskaltzaleen Topagunea, Arabako Foru Aldundiaren laguntzarekin, 11 egun euskaraz ekimena ezagutzera emateko Arabako herri eta kuadrilletan egiten ari den aurkezpenetako bat izango da. Eta bi herri horietako batzordeen elkarrizketen bitartez herri eta auzo gehiagotan antzeko taldeak sortzeko gonbidapena egin nahi dute antolatzaileek. Abenduaren 3an Euskararen Eguna ospatuko da, eta Gasteizko Udalak, Arabako Foru Aldundiarekin eta hainbat talde euskaltzalerekin batera, antolatutako hainbat jarduera eskainiko ditu gaurtik abenduaren 3ra. Mintzodromoa, Kantari Gasteiz karaokea, kontzertuak, antzerkia, erakusketak, filmak eta kalejira bezalako ekimenak egingo dituzte.
Abenduaren 2an ekitaldiz beteta egongo da eguna. Euskarak 365 egun kandelen mosaikoa piztuko dute Andre Maria Zuriaren plazan arratsaldeko zazpietan. Gero, kalejira egingo dute elkarteek Andre Maria Zuriaren plazatik Oihaneder Euskararen Etxeraino. Eta han bertan, klaustroan, Desiren Zuhaitza inauguratuko dute.