euskara ikasi nahian dabilen jendearentzat hainbat leku daude bai Gasteizen bai Euskal Herri osoan: euskaltegiak, Euskadiko Hizkuntza Eskola Ofizialak, akademiak,... Eskaintza zabal baino zabalagoa da. Baina zer gertatuko litzateke norbaitek euskara ezagutu eta hurbildu nahi izango balu beste hiri batzuetan, adibidez Madrilen edo Bartzelonan? Aukerak hemen baino urriagoak dira, baina euskarara hurbiltzeko ahalegina egin nahi dutenek Euskal Etxeetan eskura daukate posibilitatea, Madrilen eta Katalunian, besteak beste.

Madrilgo Euskal Etxeari dagokionez, gaur egun hiru irakaslek lan egiten dute euskaltegian. Errukine Olaziregi koordinatzailea eta irakaslea da. Badira 10 urte Madrilen lan egiten duela. Koordinatzailearen arabera, euskaltegira hurbiltzen diren ikasle batzuek pentsatzen dute euskara ikastea zaila dela, baina berak oso argi dauka aurreiritziak direla. “Hemen klasean lehenengo momentutik aurreiritzi horiek apurtzen saiatzen gara”, aipatu du.

Errukine Olaziregik euskara irakasten du Madrilen hasieratik EGA maila lortu arte (euskalduntze prozesua sei mailatan banatuta dago Euskal Etxean). Askotariko ikasleek hartzen dute parte Madrilgo Euskal Etxeak antolatutako euskaltegian; zehazki, 135 ikasle klasera joaten dira aurten. Oro har, goi mailako ikastaroak ikasten dituztenak euskaldunak dira. Hizkuntza ez ahaztea, mantentzea eta agiriren bat lortzea dira euren helburuak.

Beste aldetik, hasiberrien artean Madrilgo jende asko dago. “Batez ere, euskaldun batekin maitemindu direnak dira gehien parte hartzen dutenak”, Errukineren esanetan. Edo senide euskaldunen bat dutenek (aiton-amonak, adibidez) hizkuntza ikasi nahi dute. Beste batzuek euskal taldeetako musika (Kortatu, Fermin Muguruza, Negu Gorriak,?) entzun ohi dute, eta letrak ulertzeko asmoz hizkuntzara hurbiltzen dira.

Jende nagusia ahaztu gabe. “Jubilatu asko etortzen dira euskaltegira denbora libre gehiago daukatelako. Giro polita sortzen da klasean”, narbarmendu du irakasleak.

Atzerritarrek ere daukate lekua Madrilgo Euskal Etxean. Aurten, adibidez, Estatu Batuetako mutil bat ikasten ari da bere neska-laguna euskalduna delako. Askotariko jaioterriak izan dira, besteak beste, Singapurreko ikasleak, Japoniakoak, txinatarrak, Frantziakoak,? “Zerbait aipatzeagatik, hainbat ikasleri oso arraro egiten zaizkio deklinabideak”, aipatu du Errukine Olaziregik.

Askotariko ikasleak ez ezik, euskaltegiko ordutegia ere nahiko zabala da. Klase gehienak arratsaldean zehar antolatzen dituzte, 17.30etatik 21.00ak arte. Klase horietaz gain, aurten hiru talde goizean biltzen dira, goizeko hamaiketan.

Beraz, ikasleek eskatzen dutenaren arabera, klaseak antolatzen dituzte Madrilgo euskaltegi horretan. Gutxienez, sei ikaslek parte hartu behar dute taldea betetzeko. Horretaz aparte, BOGA programa eskaintzen dute ikasleek etxean-edo euren kabuz hizkuntza ikasteko. Euskara Interneten bidez ikasteko sistema multimedia da. Online funtzionatzen du eta euskalduntze prozesuaren 1., 2. eta 3. mailak hartzen ditu lau ikastarotan banatuta.

mintza taldeak Klasean ez ezik, beste leku batzuetan ere euskaraz hitz egin daiteke Madrilen. Besteak beste, Euskal Etxeak mintza taldeak antolatzen ditu. Mintza landu nahian dabiltzan ikasleak irakasle batekin elkartzen dira. Horretaz aparte, mintzalaguna ekintza eskaintzen dute Madrilgo euskaltegian euskaraz mintzatzeko beste giro batean eta normaltasuna emateko hizkuntzari. Euskaldun bazkideak harremanetan jartzen dira euskaltegiko ikasleekin, eta maila, zaletasun eta ordutegiak kontuan hartuta, bikoteak edo hirukoteak sortzen dira. “Hasieran Euskal Etxeko kafetegian biltzen dira haien artean ezagutzeko, baina gero haiek erabakitzen dute lekua, ordutegia eta maiztasuna elkartzeko, euren esku dago erabakia. Guztiz desberdina da euskaraz hitz egiten dutenean klasean, non irakaslea erreferentzia den, eta euskaltegitik kanpo.

korrika Madrilgo Euskal Etxeen arduradunek beste ekintza batzuk bultzatu egiten dituzte urtean zehar euskara lantzeko. Adibidez, duela 10 urte Korrika antolatzen dute (bi urtean behin). Arrakasta handia dauka ekintza horrek. Madrilen euskara lantzen edo irakasten duten beste elkarte batzuekin harreman jartzen dira (Unibertsitatea, elkarteak,?), eta denen artean antolatzen dute Korrika. Horretaz aparte, laburmetraien lehiaketa, olerki lehiaketa, Euskaren Eguna eta bertso-afariak aipatzekoak dira.

Madrilgo esperientzia ahaztu gabe, Bartzelonako Euskal Etxean ere euskara ikas daiteke. Josune Aguirre koordinatzaileak adierazi du gaur egun 80 ikasle inguru daudela euskaltegian, non maila guztietakoak eskaintzen dituzten (hastapena, A, B eta C maila,...).

Helburu nagusien artean, ikasle gehienak euskaltegira heltzen dira euskara gustatzen zaielako, zerbait ezagutzen dutelako, hizkuntza berezia iruditzen zaielako, familian euskaldunen bat dagoelako? Eta EGA azterketa egin nahi dutenek ere hartzen dute parte.

Antolamenduari dagokionez, klasean gutxienez sei ikasle izan behar dute taldea ateratzeko. “Talde bakoitzak astean bitan egiten ditu klaseak, egunean bi orduz. Badaukagu larunbatean dena jarraian egiten duen talde bat”, aipatu du Josune Aguirrek. Horretaz gain, Madrilgo Euskal Etxean bezala, Bartzelonan ere BOGA programa eskaintzen dute ikasleek etxean-edo euren kabuz euskara ikasteko.

Klase barruan ez ezik, Bartzelonako beste leku batzuetan ere euskaraz hitz egitera sustatzen saiatzen dira Euskal Etxekoak. Koordinatzaileak argi dauka: klasetik kanpo euskaraz bizitzeko aukerak izan behar dituzte ikasleek. Bartzelonan antolatutako ekintzen artean, euskaltegiko ikasleek mintzapraktikak kontuan hartu behar dituzte euskararen irakaskuntzan.

Alde batetik, mintza laguna eskaintzen diete. “Proiektu honetan euskaldun bat eta ikasle bat harremanetan jartzen ditugu astean behin gera daitezen. Proiektu honek oso ondo funtzionatu du, eta batzuek trukaketa bikoitza egin dute: euskaldunek katalana praktikatu, eta katalanek euskara.

“Disponibilitateagatik eta, batez ere, adinagatik antolatu ditugu taldeak. Izan ere, garrantzitsua da talde berean antzeko ezaugarriak izatea elkarrizketa erraz sor dadin”, aipatu du Josune Aguirrek. Beste aldetik, berba-taldeak antolatu ohi dituzte: gai konkretuen inguruan hitz egiteko biltzen dira taldeak, euskaldun eta ikasleek osatuta.

Larunbat goizean mintza praktika talde bat sortzeko asmoa dute, eta horretarako ari dira lanean. Gainera, beste ekintza batzuk antolatzen ditu Bartzelonako Euskal Etxeak urtean zehar ikasleek parte har dezaten eta euskara klasetik kanpo erabil dezaten. Hona hemen batzuk: Euskararen Eguna, Sagardo Eguna, Bideo-lehiaketa Zinemaldiaren inguruan, antzezlanak, liburu-aurkezpenak, Udako barnetegia, etab. Gainera, hiru ziklo antolatzen dituzte: EH Sona (Euskal musikaren ingurukoa, azaroan), Zinemaldia.cat (otsailean) eta Literaldia (apirilean).

Aurten, Amama, Jai Alai Blues eta Gure Sorlekuaren Bila filmak izan dira Zinemaldia.cat Bartzelonako Euskal Etxeak otsailean antolatutako jaialdiko Urrezko Txapelen irabazleak. Amama Asier Altunak zuzenduriko lanak fikziozko pelikularik onenaren Euskadi Basque Country-Urrezko Txapela saria irabazi du, “sinbolismo, poesia eta estetikaren bitartez euskal arimaren barne hausnarketa bat lortzen duelako, bai tradizioa eta bai aurrerapena laudatuz”.