gasteiz - Oreka IT enpresaren Iraitz Pérez de Goldarazena da Araban Euskara Lanean ekimeneko talde eragileko ordezkarietako bat. Elkarrizketa egin diogu Arabako Merkataritza eta Industria Ganberaren formazio gunean gaur egingo den world coffee-aren harira.

Zein da ‘Araban Euskara Lanean’ ekimenaren helburua?

-Arabako enpresa munduan eragitea da helburua, euskararen presentzia areagotu eta normalizatzeko. Azken 20 urteotan Arabako gizartea izugarri eraldatu da euskarari dagokionez. Hezkuntzan, kalean eta beste gune batzuetan eraldatzen eta moldatzen joan diren heinean, enpresa munduan ez dugu erabateko pausurik eman oraindik. Konturatu gara Araban 150 enpresa inguru ari direla euskara kontuekin lan egiten eta Araban Euskara Lanean ekimenak enpresa horiek bildu nahi ditu: lehenengo, elkar ezagutzeko, ditugun arazoak eta ekimenak partekatzeko; eta, etorkizunean, diagnosi bat partekatu eta ekintza plan bat izateko.

Araban sumatzen da enpresa munduan euskara sustatzeko gogoa dagoela?

-Enpresetara datozen gazte asko eta asko euskaldunak dira eta euskararen presentzia normaltzat dute. Normala ez dena da eskolan edo etxean euskara erabiltzea egunerokoan eta gero lanera datozenean hori desagertzea; euskaraz lan egiteko aukera ez egotea. Enpresok konturatu behar dugu langileen artean euskaldun asko dagoela eta geroz eta gehiago izango ditugula. Hala, langileak motibatu eta fidelizatzeko oso tresna egokia da euskara politikak garatzea.

Talde eragile indartsua dago ekimenaren atzean.

-Ekimena bultzatzeko oso talde zeharkakoa lortu dugu. Enpresa eta erakunde ezberdinak bildu ditugu mahai baten bueltan eta ikuspuntu ezberdin asko partekatu ahal izan ditugu. Hau hasiera besterik ez da. Nahi duguna da gure inguruan ahalik eta jende gehiena bildu eta ahalik eta aniztasun handiena izatea.

Oreka IT-k zein etorkizuneko erronka ditu euskararen inguruan?

-2009an hasi ginen lanean eta hasieratik euskararen presentzia izan da gure enpresan: Euskara Plana dugu, Bai Euskarari Ziurtagiria... Hasieratik egin dugun guztia bi hizkuntzatan edo hirutan pentsatu dugu. Atetik barrura harreman guztiak euskaraz nahiz gaztelaniaz izan daitezke, eta ari gara hori ere fintzen. Atetik kanpora ari gara gehiago lantzen. Enpresak ematen dituen zerbitzu guztietan nahi dugu bermatu zerbitzuaren kalitate berdina izatea bai euskaraz eta bai gaztelaniaz. Komunikazioari dagokionez, helburua da %60 euskaraz izatea. Zerumugan duguna da euskararen erabateko normalizazioa gure enpresan.

World coffee-ra bertaratuko diren enpresendako zer prestatu duzue?

-Formatu txikiko ekitaldi intimoa izango da. Kafe baten bueltan bildu nahi ditugu enpresa ezberdinetako ordezkariak ekimenak, praktikak eta esperientziak partekatzeko. Enpresak sektorearen, tamainaren edo bakoitzaren beharren arabera antolatuko ditugu, eta haien iritzi eta esperientzia kualitatiboak jaso nahi ditugu. - B.M.