gasteiz ? ALEAk, Araba mailako euskara hutsezko aldizkari berriak, atzo, azaroaren 29an, Oihaneder Euskararen Etxean egin zuten aurkezpen jaian argia ikusi zuen, nahiz eta urtarriletik aurrera era jarraian banatzen hasiko den. Astekariaren 0 alearen (edo irteera zenbakia) aurkezpena larunbat arratsaldeko 17.00etan hasi zen.
Ekitaldi nagusia 19.30ean izan bazen ere, arratsalde osoan zehar adin eta gustu guztietako pertsonen gozamenerako ekin-tzak egon ziren; haur-ginkana Aker eta Babazorrorekin, Oihan Vegaren “Euskararen espektakulue” bakarrizketa, bertsoak, dantza, Jon Basaguren eta Libe kontzertuan eta zizka-mizkak.
Araban euskararen erabileran eta hizkuntzaren normalizazioan eragitea, eta horrekin lotuta, Arabako euskaldunon sarea ehuntzea eta euskararen bitartez Araba informatiboki kohesionatzea. Hauek dira ALEA astekari berriaren helburu batzuk. Araba mailako euskara hutsezko astekaria izango da GEU Gasteiz elkarteak, Berriak eta Goienak bultzatuta. 2015eko urtarrilaren 16tik aurrera ostiralero banatuko da harpidetzaren bitartez urtean 50 euroren truke, 32 orrialdez osaturik egongo da eta guztiak koloretan. ALEA jasotzeko bide nagusia harpidetzaren bitartez izango da. Horretaz gain, gaur egun Berriako harpidedun direnek edo ostiraletan Berria erosten dutenek bertan aurkituko dute astekaria, orain arte, Arabako Hitza aurkitu izan duten bezala. Printzipioz ez dute kioskoetan saltzea aurreikusita. l