gasteiz - "Gure erronka da gure lurraldeek duten ahalmen osoa baliatzea Giza Garapen Iraunkorraren zerbitzura jartzeko". Eusko Jaurlaritzaren jomuga argi utziz, Urkullu lehendakariak Garapenerako Lankidetza Deszentralizatua: Tokiko eta eskualdeko ikuspegia erronka globalen aurrean jardunaldietan parte hartu zuen atzo, Jonan Fernandez Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren idazkari nagusiarekin batera. Jardunaldi hauen intentzioa, gobernu autonomoak, udalak, aldundiak, eta GGKEak euren kooperazio-politikak egokitzeko egiten ari diren lanaren inguruko gogoeta egitea da.

Giza Garapen Iraunkorraren zerbitzura jartzeko bide horretan, politika publikoetan metatutako esperientzia guztia, soluzio teknikoak, zientifikoak edo sozialak aipatu zituen Urkulluk. Halaber, Eusko Jaurlaritzaren lankidetzarako ekintza eta politikek 80ko eta 90eko hamarkadetatik bide luzea egin dutela gogoratu zuen: "Konpromisoaz, eragin handia duen politika bati buruz hitz egiten ari gara. Aldeko egoeratan eta testuinguru zailenetan mantendutako lankide-tza-politika bat. Olatu-aparretan zegoenean eta hedabideetan eta gizartean eragin txikiagoa izan duenean mantendu den politika. Azken finean, gizarte solidario bati buruz hitz egiten ari gara".

ANNA FERRER Eusko Jaurlaritzak Garapenerako Lankidetzarako 2019ko Ignacio Ellacuria sariaren irabazlea iragarri du: Anna Ferrer, Vicente Ferrer Fundazioaren presidentea. Urkullu lehendakariak saria emango dio otsailaren 26an, Lehendakaritzan egingo den ekitaldi baten. Aitorpen honen xedea EAEko zein beste herrialdeetako erakundeek, kolektiboek edo norbanakoek justiziaren alde eta pobrezia garaitzea egindako lana aintzatestea da.

Epaimahaiak Ferrerren ibilbide pertsonala, konpromisoa, irmotasuna, antolaketa gaitasuna edota arrazionaltasuna azpimarratu ditu. Indiako komunitate behartsuenekin batera, eta, bereziki emakumeekin egindako lanak, errotze patriarkal handiko herrialde batean, kooperante britainiarraren jarduna bereizgarri izatea suposatu du aurtengo edizioan.

1969an, Vicente Ferrer Fundazioak Indiako erakundea sortu zuen, herrialdeko hegoaldean pobretutako eta baztertutako nekazaritza komunitateak laguntzeko asmoarekin.

Zentzu honetan, Fundazioak beti borrokatu du emakumeak Indiaren aldaketan liderrak izan daitezen, horretarako hezkuntza ahalbidetzen duten ekimenak eta programak bultzatuz: osasun arloan berdintasuna sustatzeko plataformak, ezkontza goiztiarrak ekiditeko alternatibak edo enpresa-sorkuntza eta lidergoa sortzeko ekimenak, besteak beste.