Síguenos en redes sociales:

Euskadiko Filmategiak Jazzinema zikloaren hamargarren edizioa antolatu du

Euskadiko Filmategiak Jazzinema zikloaren hamargarren edizioa antolatu duUtzitakoa

Euskadiko Filmategiak Jazzinema zikloaren hamargarren edizioa egingo du datorren uztailean Gasteizen, Donostian, Iruñean eta Donibane Lohizunen, eta The Glenn Miller Story (Anthony Mann, 1954), 'Kansas City' (Robert Altman, 1996), Bird (Clint Eastwood, 1988) eta The Connection (Shirley Clarke, 1961) klasikoak eskainiko ditu. Gainera, saio berezi batean The Last Waltz (Martin Scorsese, 1978) ikusi ahal izango da.

Antolakuntzak jakinarazi duenez, film guztiak uztailean proiektatuko dira Artium Museoan (Gasteiz), Tabakaleran (Donostia) eta Golem Yamaguchin (Iruñea); Nafarroako hiriburuan sanferminen ostean hasiko da zikloa eta abuztuaren 12ra arte luzatuko da.

Bestalde, Le Select zinema aretoetan (Donibane Lohizune), zikloa osatzen duten bost filmetatik lau emango dira: 'Kansas City', 'Bird', 'The Connection' eta 'The Last Waltz' (Martin Scorsese, 1978). Emanaldiotarako sarrerak proiekzioen leku bakoitzeko leihatiletan eta webguneetan egongo dira salgai.

Lau filmetako lehena, The Glenn Miller Story (Anthony Mann, 1954) biopic bat da, eta James Stewartek Glenn Millerren rola egiten du, XX. mendeko tronboi jotzaile, moldatzaile eta swing orkestra ezagunenetariko bateko zuzendariarena, alegia.

Bestalde, Clint Eastwood zinemagileak Charlie Parkerren ibilbidea pantailaratu zuen Bird (1988) filmean. Saxofoi altuaren historiako interprete onenetarikotzat eta beboparen aurrekaritzat jotzen da Parker, eta drogen eta alkoholaren zuloan nola erori zen ere erakusten du filmak. Artium Museoko emanaldia Alberto Ibarrondo Gasteizko Jazzaldiko zuzendariak aurkeztuko du.

Kansas City (1996) ikusiko da ondoren Euskadiko Filmategiaren ziklorik zaharrenean, Robert Altman Canneseko Zinema Jaialdiko Urrezko Palmarako hautagaien artean sartu zuen filma. Jazzaz gainera, mafia eta arrazismoa ere erakusten ditu.

Orobat, The Connection (1961) filma berreskuratuko du Jazzinemak, Shirley Clarke zinemagile esperimentalaren lehen film luzea, zeinak hurrengo dosiaren zain dauden heroinazale batzuen itxaronaldia erakusten baitu. Gasteizen eta Donostian, Begoña del Teso zinema-kritikaria arduratuko da aurkezpenaz.

Azkenik, zikloak The Last Waltz (1978) dokumentala eskainiko du emanaldi berezi gisa. Lan horretan, Martin Scorsesek The Band taldearen azken kontzertuak filmatu zituen, zeinetan hamarkadetako rockaren figura ezagun askok parte hartu baitzuten, hala nola Bob Dylan, Van Morrison, Neil Young, Joni Mitchell, Neil Diamond edo Eric Claptonek. Eduardo Ranedo musika kritikariak aurkeztuko ditu Gasteizko, Donostiako eta Iruñeko saioak.