Eusko Jaurlaritzak, Communauté d'Agglomération Pays Basque erakundeak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Errenteriako Udalak eta Malandain Ballet Biarritzek DOBLA proiektua jarri dute martxan Euskal Herriko lurraldeetan dantza sektorea indartzeko asmoz, sorkuntza, ekoizpena, zabalkundea eta jasangarritasuna hobetzeko ekintza zehatzen bidez.

Ekimenaren sustatzaileek Miarritzen egindako aurkezpenean azaldu dutenez, hurrengo hiru urteetan, DOBLA proiektuak lurraldeko konpainien nazioarteko proiekzioa sustatuko du, artistei eta erakusketa espazioei prestakuntza eta laguntza eskainiko dizkie, dantzarako agertoki eta publiko berriak zabalduko ditu, sektorearentzat eredu ekonomiko jasangarriagoak bultzatuko ditu eta lurraldeko profesionalen eta erakundeen arteko lankidetza sendotuko du.

1,5 milioi euroko aurrekontuarekin, proiektuak mugaz gaindiko dantza sektorearen egituraketa indartu nahi du, baita sorkuntzarako eta lan artistikoen zirkulaziorako aukerak handitu ere, "dantzak, euskal kulturaren adierazpide garrantzitsua izanik, komunitatea sortzeko eta gizarte-kohesioa indartzeko gaitasun berezia baitu".

Andoni Iturbe Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordeak nabarmendu egin du erakundeen arteko lankidetzaren garrantzia euskal kultur sistema indartzeko eta dantzaren sektorearentzat aukera berriak sortzeko orduan. Era berean, azpimarratu du beharrezkoa dela lankidetza sare iraunkorrak eraikitzea, lurraldeko talentu sortzailea nazioartean proiektatzeko.

DOBLA proiektua Eusko Jaurlaritzak, Communauté d'Agglomération Pays Basque erakundeak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Errenteriako Udalak eta Malandain Ballet Biarritzek sustatu dute. Ekimenak Europar Batasunaren finantzaketa du Interreg POCTEFA 2021-2027 programaren bidez, proiektuaren aurrekontu osoaren %65 estaliz. Programaren helburua da mugaren bi aldeetako lurraldeen arteko lankidetza sustatzea, lurraldearen garapenerako eragin iraunkorra izango duten proiektu estrategikoak babestuz.

DOBLA egitasmoaren lehen ekintzak uztailetik aurrera jarriko dira martxan, eta dantzaren arloko profesionalei, konpainiei, erakusketa espazioei eta gainerako eragileei zuzenduta egongo dira.