Euskadiko Orkestrak 132 ahots bilatuko ditu 'Abestu Euskadiko Orkestrarekin' ekimenaren hirugarren ediziorako
Ekimena ARTIS+, artea gizarteratzeko proiektuaren baitan sartzen da
Euskadiko Orkestrak 'Abestu Euskadiko Orkestrarekin' ekimenaren hirugarren edizioa antolatu du, lehenbiziko bi edizioek "arrakasta nabarmena" izan ostean, eta 132 ahots bilatuko ditu laster aurkeztuko duen 2026-2027ko denboraldiaren hirugarren programa sinfonikoan sartzeko.
Azaroaren 24an Iruñeko Baluarte Auditoriumean, azaroaren 25ean Euskalduna Bilbao Jauregian, eta azaroaren 26 eta 27an Donostiako Kursaal Auditoriumean izango dira kontzertuak, Euskadiko Orkestrak jakinarazi duenez.
Bada, proiektua gauzatzeko, 132 ahots anonimo eta boluntario bildu behar dira guztira (hala aurretik parte hartutakoak, nola oraindik egin ez dutenak), eta parte hartu nahi duten herritarrek Euskadiko Orkestraren webgunean eman beharko dute izena ekainaren 23rako beranduenez. Ezinbestekoa da gutxieneko musika-prestakuntza izatea eta partiturak irakurtzen jakitea.
Ondoren, Miramongo egoitzan irailaren 16tik azaroaren 20ra bitarte antolatutako hamar entseguetako ahalik eta gehienetara joatea eskatuko da. Lehen hiru entseguak Bilboko Juan Crisostomo Arriaga Kontserbatorioan errepikatuko dira, Bizkaiko eta Arabako pertsonei sarrera errazteko.
Errepertorio berria hurrengo hiru lan hauek osatuko dute: Vivesen 'Doña Francisquita' laneko 'Coro de Románticos', Iparragirreren 'Hara nun diran' Sorozabalen bertsioan, eta Verdiren 'I Lombardi' operako 'O signore, dal tetto natío'. Horien guztiaren abesbatza misto eta orkestrarako interpretazioek kontzertuen 10 eta 15 minutu artean hartuko dituzte, eta Easo Abesbatzako 40 kide izango dira entsegu batzuetan zein eszenatokian aukeratutako herritarren abesbatzari laguntzeko. Gorka Mirandak zuzenduko du abesbatza.
Euskadiko Orkestrak "aparteko aukera hau" baliatzera animatu ditu herritarrak. "Horietako batzuentzat agian amets bat da orkestra handi baten ondoan eta eszenatoki garrantzitsuetan zuzenean abestea", gaineratu du.
Ekimena ARTIS+, artea gizarteratzeko proiektuaren baitan sartzen da. Euskadiko Orkestrak 2027ra arte parte hartuko du mugaz gaindiko lankidetza sustatzen duen Europako proiektu horretan, beste hainbat bazkiderekin batera, tartean, Orchestre National du Capitole de Toulouse, L'Auditori eta Bartzelonako OBC Orkestra eta Pauko Orkestra.
Temas
Más en Actualidad
-
En libertad el cantante Beret tras ser detenido como supuesto autor de una agresión sexual
-
Trump suspende los ataques contra Irán tras aprobar los "puntos finales" del acuerdo
-
Kinttopeko euskaltegiak emango du Mungiako 2026ko San Pedro jaietako pregoia
-
El Papa pide un “examen de conciencia” a Europa: “La dignidad no tiene pasaporte”