Síguenos en redes sociales:

Ia 3.000 lagunek eman dute izena Osakidetzaren lan eskaintza publiko berrian inskribatzeko lehen egunean

Guztira, 5.425 plaza eskainiko dira, hiru fasetan banatuta, 107 lanbide kategoriatarako

Ia 3.000 lagunek eman dute izena Osakidetzaren lan eskaintza publiko berrian inskribatzeko lehen eguneanUtzitakoa

Osakidetzak 2023-2024-2025eko lan eskaintza publikoaren bigarren fasean izena emateko prozesua jarri zuen martxan asteartean, ekainaren 2an, eta eskabideak aurkezteko epearen lehen egunean, 2.969 pertsonak eman dute izena, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailetik jakinarazi dutenez.

Lan eskaintza publikoaren bigarren fasean 41 lanbide kategoria eskaintzen dira. Erradiodiagnostikoko teknikari espezialistaren kategorian izena eman duten lagunen kopurua nabarmendu da, 522 hautagai baitira dagoeneko. Hala, Osakidetzaren aurreko hautaketa prozesuan izena eman zutenen laurdenak baino gehiagok eskatu dute jada EPE berrian parte hartzea.

Epearen lehen egunean izena eman duten pertsonen kopuru handiena duten bigarren eta hirugarren kategorien kasuan (gizarte langilea, 281 eskatzailerekin, eta farmaziako laguntzailea, 219 pertsonarekin), erradiodiagnostikoko teknikariaren antzeko egoera gertatzen da; izan ere, epearen lehen egunean izena eman duten pertsonen kopurua Osakidetzaren aurreko hautaketa prozesuetan izena eman duten guztien %25 inguru da.

Lan eskaintza publiko berriaren bigarren faseko azterketak urritik azarora bitarte egingo dira, eta izena emateko epea ekainaren 29ko 14:00ak arte egongo da zabalik Osakidetzaren webgunean. Aurreko fasean bezala, Osakidetzak hautagaien eskura jarriko du kasuan kasuko izen-emateari dagokion kategoriako galdera sorta.

Osakidetzaren eskaintza berriaren berrikuntza nagusietako bat da test motako proba bakarra egingo dela. Proba horrek zati teorikoa eta praktikoa (halakorik badago) bilduko ditu, eta hurrengo hiru urteetan nota hori gordetzeko aukera emango du.

Guztira, 5.425 plaza eskainiko dira, hiru fasetan banatuta, 107 lanbide kategoriatarako. Deialdi honekin, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak Osakidetzako plantilla egonkortzearen eta sistema publikoa indartzearen alde egindako apustua sendotzen dute, Euskal Osasun Itunetik eratorritako konpromisoekin bat etorriz.