'Elhuyar Zientzia' hedabide digitalak abuztuaren 12ko eguzki eklipsearen inguruko eduki sorta aberatsa jarri du gizartearen eskura, "gertaeraren garrantziaz jakitun", eta 'Eklipse-tantak' audio-pilulak, idatzizko baliabideak, ikus-entzunezkoak eta beste hainbat eduki bildu ditu berariaz sortutako banda monografiko batean.
Elhuyarrek jakinarazi duenez, abuztuaren 12ko eguzki eklipsea azken urteotako gertaera astronomiko garrantzitsuenetako bat izango da, azken 100 urteetan Euskal Herrian ikusgai izango den eguzki eklipse oso bakarra. Artikotik eta Groenlandiatik barrena etorriko den eklipsea da, eta mendebaldean hasi eta ekialderantz urrunduko da.
Bada, besteak beste, 'Elhuyar Zientzia' aldizkariaren ekaineko zenbakiak eguzki eklipseari monografiko bat eskainiko dio. Erreportajeen bidez, gertakariaren alderdi zientifikoaren, bizidunongan sortzen duen eraginaren eta Eguzkiari berari buruzko azken ikerketen berri emango du aldizkariak, baita paperean ere. Horrez gain, harpidedun berriek eklipsea ikusteko betaurrekoak jasoko dituzte opari.
Baliabideak gehituz joango da modu dinamikoan abuztura bitarte; esate baterako, Euskadi Irratiko 'Norteko Ferrokarrila' eta Euskal Telebistako 'Teknopolis' saioen programa bereziak gehituko dira. Horiek guztiak banda monografikoan egongo dira ikusgai.
Gainera, Elhuyarrek gazteentzako tailerrak eta helduentzako hitzaldiak prestatu ditu, fenomenoak gizartean sortzen duen interesari erantzuteko. Alde batetik, eklipsea ulertzeko, modu seguruan ikusteko eta zientziarekiko jakin-mina pizteko tailerrak izango dira, eta, bestetik, 'Eklipsea, zorioneko itzala' dibulgazio hitzaldian, eklipsearen ikusgarritasunaz gain, gertaerak zer inplikazio dituen azalduko da, bai historikoa, baita zientifikoa ere.