Gasteizko Udalak sei milioi euro banatuko ditu datozen bi urteetan etxebizitzak eta bizitegi eraikinak birgaitzeko
"Sei milioi euroko zenbateko horrekin jarraipena emango zaie 2026an eta 2027an aurreko bi ekitaldietan indarrean egon diren laguntza-lerroei", azaldu du Maider Etxebarria Gasteizko alkateak
Gasteizko Udalak Alde Zaharreko eta hiriko gainerako auzoetako etxebizitzak eta bizitegi eraikinak birgaitzeko laguntzen beste deialdi bat onartu du ostiral honetan gobernu batzordearen bilkuran, eta horren bidez, guztira sei milioi euro bideratuko dira xede horretara datozen bi urteetan. "Sei milioi euroko zenbateko horrekin jarraipena emango zaie 2026an eta 2027an aurreko bi ekitaldietan indarrean egon diren laguntza-lerroei", azaldu du Maider Etxebarria Gasteizko alkateak.
Deialdia Arabako Lurralde Historikoaren Aldizkari Ofizialean (ALHAO) argitaratu eta hurrengo egunetik 2027ko abenduaren 31ra edo aurrekontua agortzen den arte eskatu ahal izango dira laguntzak. Gainera, lehen aldiz, eskaerak aurkezteko epea irekitzen denean, izapidea telematikoki egin ahal izango da 21 Zabalgunearen webgunearen bidez.
Hirirako laguntzen kasuan (legealdi honen hasieran Alderdi Popularrarekin lortutako akordioaren parte dira), bi milioi euro erreserbatu dira urte bakoitzerako, eta laguntza lerroak aukera emango du igogailuak instalatzeko eta berritzeko, inguratzaile energetikoa hobetzeko, egitura sendotzeko, interes artistikoagatik katalogatutako eraikinak zaharberritzeko eta kontserbatzeko, oztopo arkitektonikoak kentzeko eta eraikinetako isolamendu akustikoa hobetzeko.
50 urte edo gehiago dituzten eraikinetako iturgintzako, beroketako, elektrizitateko, saneamenduko, telefoniako edo suteen aurkako babesteko instalazio zaharkituak berritzea edo ordezkatzea ere jasotzen du akordioak. Patologia estrukturalak ekiditeko Eraikinen Ikuskapen Teknikoan jasotako finkatze estrukturaleko lanak egitea ere sartuta egongo da.
ALDE ZAHARRA
Alde Zaharrerako laguntzen lerro berrira bi milioi euro bideratuko dira hurrengo bi urteotan (ekitaldi bakoitzean milioi bana). Deialdiaren berritasunetako bat da hiriko laguntzen deialdiaren baldintzak parekatuko dituela (etxebizitzak eta eraikinak birgaitzera bideratuta daude haiek ere).
Birgaitzeko diru laguntzak arautzen dituzten bi testuen arteko bateragarritasunaren barruan, formulazio berri honi esker, Alde Zaharreko laguntzek bost tartera zabaldu dituzte diru sarrera mailaren tarteak. Hala, lehen zatikoak 17.000 eurokoak izango dira, eta bosgarren eta azken zatikoak 55.000 eurora artekoak. "Horrela, 39.000tik 55.000ra igoko dugu orain arteko muga, bizilagun gehiagok jaso ahal izan ditzaten laguntza horiek", esan du Etxebarriak.
Laguntzak jasoko dituzten pertsonen kopurua ere handitu nahian, %10 igo da diru laguntzaren zenbatekoa 65 urtetik gorakoentzat eta %33tik gorako desgaitasuna aitortuta dutenentzat.
Obrak gauzatzeari dagokionez, Alde Zaharreko laguntzen portzentajeak hiriko gainerako gune narriatuetakoekin parekatu dira, %2,5etik %5era igarota. Hala, leihoak berritzea, etxe barruko irisgarritasuna hobetzea, bainugelak konpontzea edo hodiak aldatzea bezalako esku hartzeetan, laguntzen proportzioa %2,5etik %5era igo da.
Era berean, %5 handitu da hobaria inguratzaileak, egituraren kontserbazioa eta elementu berezien zaharberritzea ardatz dituzten jarduketetarako, eta igogailuen instalazioaren kasuan ere igoera berezia gehitu da, %10eko hobarian.
LOKALEN ESLEIPENA
Bestalde, 21 Zabalguneak beste deialdi bat irekiko du bere jabetzako bederatzi merkataritza lokal esleitzeko, erosteko eskubidea barne hartzen duen alokairu formularen bidez. Lokal horiek Alde Zaharrean daude, eta ekimena udal elkartearen hurrengo kontseilu batean landuko da.
Lokalak "kale enblematikoetan" daude, hala nola Aiztogile, Hedegile, Barnekale Berria, Pintore eta Zapatari kaleetan, eta lokal txikiaren 45 metro koadrotik handienaren (Pintore kalean dago) 108 metro koadrora bitarteko azalerak dituzte. Zazpi urteko alokairu kontratuen bidez eskainiko dira, eta gehienez ere hamar urtera arte luza daitezke.
Temas
Más en Actualidad
-
Fallece Etienne Davignon, exvicepresidente de la Comisión Europea, a los 93 años
-
Ucrania rompe la ventaja rusa e inicia una nueva fase de la guerra
-
La Audiencia Nacional rechaza declarar la sede de la Presidencia de la Comunidad Madrid como lugar de Memoria Democrática
-
Una turista muere aplastada durante una pelea entre elefantes en la India