Jules Mamone artista argentinarrak egin du ekainaren 22tik 29ra bitartean ospatuko den Zinegoak Bilboko LGTBIQ+ Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdiaren 23. edizioaren irudia, eta komunitatea "erresistenzia eredu gisa" erakusten du bertan.
Jaialdiaren antolakuntzak jakinarazi duenez, aurtengo edizioak "bestetasuna, singulartasuna eta munstroaren figura aldarrikatuko ditu ez-normatibitatearen metafora gisa", programazio zabal batekin, proiekzioak, arte eszenikoak, hausnarketarako guneak, topaketak eta zinema industriari buruzko atal bat barne.
Alaitz Arenzana zuzendariaren hitzetan, jaialdiak "historikoki 'bestea' izendatu izan dena eztabaidaren erdian jartzea proposatzen du". "Gauza singularrak, arraroak eta deserosoak aldarrikatzen ditugu. Munstroaren figurara hurbiltzen gara, ez ezkutatu behar den zerbait bezala, baizik eta existitzeko, desiratzeko eta komunitatea eraikitzeko toki modukoa", azaldu du.
Bada, ideia horiek Jules Mamonek sortutako irudia ere zeharkatzen dute. Bere lanak kolektiboki elkartzeak sortzen duen indarra zein existitzentzia modu alternatiboak aztertzen ditu. "Banakoak eta deskonektatuak nahi gaituzten sistemetatik urrun dauden erritualetan eta bizimoduetan pentsatu nahi nuen", adierazi du egileak berak.
Kartela sugar txikien iruditeria batetik abiatuta eraikitzen da, akelarre anitz eta kolektibo bat sortuz. Bertan, elkartzearen indarra, eraldaketa eta partekatutako mikroerresistentziak islatzen dira. "Iraultza posible bat imajina dezakegu, indibidualitateen batuketa ez den su kolektibo bat sortuz, baizik eta loturatik eraikitako indar komun bat sortuz", nabarmendu du Mamonek.
Gainera, Zinegoak bezalako espazioek ikus-entzunezko garaikidearen barruan queer narratibetarako duten garrantzia azpimarratu du artistak: "Jaialdi askotan bigarren mailako espazio batera baztertutako queer sail bat dago, lan horiek benetako protagonismoa eta ikusgarritasuna behar dutenean".
23. EDIZIOA
Zinegoak jaialdiak ekainaren 22tik 29ra egingo du 23. edizioa Bilboko hainbat espaziotan, besteak beste, Azkuna Zentroan, Golem Alhondigan, Bilborocken, Guggenheim Museoan, Arriaga Antzokian, 6 Pabiloian, BBK Salan, Muxikebarrin, La Sinsorgan, Bira Kulturgunean eta Sarean-en. Inaugurazio gala Arriaga Antzokian egingo da.
Aurten ere, film luzeak, film laburren zikloak, euskal ekoizpenak, obra eszenikoak, topaketa profesionalak, nazioarteko zinemagileen bisitak eta eztabaidarako eta hausnarketarako guneak izango dira jaialdian.
Gainera, ekainaren 16tik 21era hainbat jarduera osagarri egingo dira '3, 2, 1... Zinegoak!' aurrejaialdiaren baitan, hala nola antzerkia, musika, performanceak, aurkezpenak eta proiekzioak.