Gradu eta graduondo amaiera ekitaldi bateratua egingo du EHUk San Mamesen ekainaren 12an
Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) gradu eta graduondo ikasketa amaierako ekitaldi bateratua antolatu du lehenengo aldiz, eta ekainaren 12an izango da, Bilboko San Mames estadioan. Zabalik dago jada ikasleen doako izen-ematea, eta gainerakoentzat sarreren salmenta arratsalde honetan irekiko da ehu.eus webgunean, 19 euroan.
Joxerramon Bengoetxea EHUko errektoreak ekitaldia aurkezteko agerraldian ostiral honetan adierazi duenez, "graduazio hutsa baino askoz gehiago izatea nahi dugu. Unibertsitate publikoaren, ezagutzaren, zientziaren eta gure ikasleekiko sentitzen dugun estimu eta harrotasunaren ospakizun itzela izango da. Ekitaldi oso berezia izango da EHUrentzat, eta baita euskal gizartearentzat ere".
Estitxu Garai Bizkaiko campuseko eta Komunikazioko errektoreordea eta Asier Blas Ikasle eta Konpromiso Sozialerako errektoreordea ere izan dira ekitaldian. "Gure ikasleen eskaeratik sortutako ekitaldia da, unibertsitate ikasketen amaiera modu bateratuan ospatu nahi dutelako, euren bizitzako une garrantzitsu baten neurriko espazio sinboliko batean", azaldu du errektoreak.
Ekitaldia ekainaren 12an egingo da Bilboko San Mames estadioan, tamaina eta ezaugarri horietako espazio batek aukera emango duelako EHUn etapa bat amaitzen duten ikasle guztiak eta haien gertukoak elkartzeko. Halaber, ekitaldia publiko orokorrarentzat ere irekita egongo da, unibertsitate publikoaren aldeko babesa adierazi nahi duen orok bertaratzeko aukera izan dezan, publiko orokorrari zuzendutako ikuskizuna izango bauta.
Ikasleek formulario bat bete beharko dute izena emateko, eta beraiek izango dira zelaian lekua hartuko dutenak, "ekitaldiaren protagonista nagusiak". Aldi berean, ostiral honetan bertan jarriko dira salgai sarrerak ikasleen senideek eta gertukoek ekitaldira joateko, eta EHUren webgunean eskuratu ahal izango dira 19 euroan, 18:30etik aurrera. "ekitaldia bideragarri egiteko eta unibertsitate publikoa babesteko", zehaztu du Estitxu Garaik.
Bere hitzetan, "campus anitzeko unibertsitatea izanik, halako ekitaldiek Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako komunitateen arteko topagune gisa balio dute. Aldi berean, unibertsitatearekiko pertenentzia sentimendua indartzeko funtzio garrantzitsua betetzen dute".
Temas
Más en Actualidad
-
Putin propone a Irán y EE.UU. almacenar en Rusia el uranio enriquecido iraní
-
Putin condiciona una reunión con Zelenski a la firma de un acuerdo definitivo de paz
-
Expovacaciones azokaren 46. edizioa egingo da BECen asteburu honetan
-
Más de 100 personas enfermas con norovirus en un crucero que zarpó de Florida