Zinemaren eta literaturaren arteko harremana jorratuko da 'Euskal Literatura Nafarroan' bigarren jardunaldian
Euskaltzaindiak 'Euskal Literatura Nafarroan' jardunaldiaren bigarren edizioa antolatuko du aste honetan Nafarroako idazle talde batekin elkarlanean eta Iruñeko Udalaren eta Nafarroako Gobernuaren babesarekin
Euskaltzaindiak 'Euskal Literatura Nafarroan' jardunaldiaren bigarren edizioa antolatuko du aste honetan Nafarroako idazle talde batekin elkarlanean eta Iruñeko Udalaren eta Nafarroako Gobernuaren babesarekin, eta egitarauak zinemaren eta literaturaren arteko harremana jorratuko du Iruñeko Kondestablearen jauregian. Hain zuzen, 'Zinema eta literatura' solasaldia izango da ostiralean, maiatzaren 8an, eta 'Poesiagintza berri bat zedarritzen' errezitaldia larunbatean, maiatzaren 9an.
Akademiaren Nafarroako ordezkaritzan astelehen honetan egin den aurkezpen agerraldian azaldu dutenez, nagusiki, euskal literaturan eta Nafarroan bereziki sortzen diren lanak eta euskaraz idazten duten sortzaileak ezagutaraztea eta hauspotzea da ekimenaren helburua.
Jabier Arakama Euskarabideako zuzendari kudeatzaileak, Aitziber Campion Iruñeko Udaleko Euskara, Hezkuntza eta Herritarren Partaidetza alorreko zinegotzi ordezkariak, Paskual Rekalde Euskaltzaindiaren Jagon sailburuak eta Castillo Suarez euskaltzain osoak parte hartu dute prentsaurrekoan.
Iazko jardunaldian euskal literaturak Nafarroan duen egoera aztertu bazen, aurtengoan zinemaren eta literaturaren arteko harremana jorratuko da: hain zuzen, zinemak literaturzaletasunean duen eragina, aspaldikoa baita diziplina bien arteko harreman hori, eta azken urteotan areagotu egin da. Era berean, berriki poesia lanak argitaratu dituzten Nafarroako zenbait poeta gonbidatu dira, beraien lanak jendaurrean irakur ditzaten.
Horrela, ostiralean, maiatzaren 8an, 'Zinema eta literatura' solasaldia izanen da, 18:30ean. Bertan, zinemarako egokitu diren literatur lanak, egokitzapen prozesuan gainditu beharreko erronkak eta bestelakoak izango dira hizpide. Horretarako, zinemaren eta literaturaren arloan eskarmentu handia duten Pello Lizarraldek, Gaizka Izagirrek, Imanol Rayok eta Begoña del Tesok beraien iritziak eta bizipenak partekatuko dituzte, Ariane Kamio kazetariak gidatuta.
Orobat, larunbatean, maiatzaren 9an, poesia errezitaldi bat izango da, 12:00etan, 'Poesiagintza berri bat zedarritzen' izenburupean. Bertan, Uxue Juarez, Hasier Larretxea eta Arantzazu Lizartza nafar poetek beraien poemak irakurriko dituzte. Alicia Erkuden Griffiths Turrillas harpa jotzaileak girotuko du errezitaldia.
Temas
Más en Actualidad
-
El Estado español acuerda con la OMS que el crucero con hantavirus haga escala en Canarias
-
Trump afirma que Irán "sabe lo que debe hacer" si no quiere violar el alto el fuego
-
Francia avanza una ley para extender la detención a migrantes irregulares considerados peligrosos
-
El Papa responde a Trump: "Si alguien desea criticarme, que lo haga con la verdad"