Síguenos en redes sociales:

Euskara Batzordeen VII. Topaketak 70 bat gazte bildu ditu Donostian

Euskara Batzordeen VII. Topaketak 70 bat gazte bildu ditu DonostianUtzitakoa

Euskara sustatu eta erabilera indartzeko asmoa duten 14-17 urteko 70 gazte inguru bildu dira ostiral honetan Donostiako udaletxeko udalbatza aretoan egin den Euskara Batzordeen VII. Topaketan, Donostiako Udaletik jaskinarazi dutenez.

Gazteok hizkuntzaren erabilera sustatzeko eta euskararekiko sentiberatasuna sustatzeko hainbat ekintza egin dituzte ikasturtean zehar eskolaren eremuan. Abenduan egin zuten ikasturteko lehen topaketa Tabakaleran, eta orain, ikasturtea bukatu aurretik, berriro bildu dira ikasturtean zehar egindakoak partekatu eta elkarren berri izateko.

2025-2026ko ikasturtean Donostiako bederatzi ikastetxetako gazteek parte hartu dute egitasmoan: Altza BHI, Antigua-Luberri BHI, Arantzazuko Ama BHI, Ekintza, La Asuncion, Lauaizeta BHI, San Luis-La Salle, Usandizaga BHI eta Zurriola ikastola. Euskara Batzorde "dinamiko eta jendetsuak" osatu dituzte ikastetxeotan, eta batzorde horietako ordezkari batzuk bildu dira ostiral honetan udaletxean.

Euskara batzordeak aisialdiarekin eta gozamenarekin loturiko ekintzak egin dituzte ikasturtean zehar ikaskideak erakartzeko asmoz. Aurten, Korrika urtea izanik, hainbat ekintza eta jarduera antolatu dituzte gai horren inguruan.

Ikasturteko lana amaitzear dagoela egin da ikasturteko bigarren eta azken topaketa. Gazteek egindako lanak aurkezteaz gain, haientzako erreferente diren gonbidatu batzuk ere izan dira, hala nola Olatz Salvador musikaria, Maddi Ane Txoperena bertsolari eta idazlea, Makala musikaria, Ainhoa Etxeberria aktorea eta Anepe dantzaria, eta gazteekin solasean aritu dira taldeka antolaturiko mahai inguruetan. Topaketa bukatzeko, musikak hartu du protagonismoa.