Síguenos en redes sociales:

Hodeiak astearte honetan

Arratsaldetik aurrera mendebaldean hodei trinkoagoak ager daitezke eta baliteke han-hemenka zaparrada batzuk egitea

Hodeiak astearte honetanArnaitz Rubio

Euskalmet euskal meteorologia agentziaren iragarpenaren arabera, astearte honetan, apirilaren 7an, zerua hodeitsu egongo da, erdi mailako hodeiekin eta goi-hodeiekin. Arratsaldetik aurrera mendebaldean hodei trinkoagoak ager daitezke eta baliteke han-hemenka zaparrada batzuk egitea. Egunaren hasieran hegoaldeko haize-bolada oso gogor batzuk espero dira, baina eguna aurrera joan ahala haizeak ahultzera egingo du.

Tenperatura maximoak gutxi jaitsiko dira, baina udaberriko giroarekin jarraituko dugu, Kantauriko bailaretan bero-puntu batekin. Hegoaldeko haize bizia dela-eta Kantauri isurialdean tenperatura minimoak nabarmen igoko dira, eta hegoaldean baxuenek berdintsu jarraituko dute. Hiriburuetan, Baionan 16 gradu espero dira gutxienez eta 27 gehienez, Bilbon 18 gutxienez eta 27 gehienez, Donostian 17 gutxienez eta 26 gehienez, Gasteizen 8 gutxienez eta 23 gehienez eta Iruñean 9 gutxienez eta 24 gehienez.

Hala, eta ildo horretatik jarraituz, Itsasbazterrean, goizaldean eta goizean goiz hego-ekialdeko haizea ibiliko da, 4-5eko indarrarekin, eta gainerako orduetan 3-4koa hartuko du; itsas kizkurra eragingo du, egunaren lehenengo partean itsaskirriko guneekin. Ipar-mendebaldeko hondoko itsasoak metrobete inguruko olatuak altxatuko ditu, eta arratsaldean igo eta arratsalde-gau partean 2 metro ingurukoak. Itsasgorak 08:18an eta 20:37an izango dira, eta itsasbehereak 02:16an eta 14:30ean. Uraren tenperatura 13 gradukoa da eta ikuspena hamar kilometrotik gorakoa izango da, ondorioztatu dute Euskalmetetik.