Síguenos en redes sociales:

Euskaltzaindiak bi liburu aurkeztuko ditu Sarako Idazleen 43. Biltzarrean

Gainera, Jean-Michel Garat medikuak sortu zuen topaketak Anne Marie Lagarde ikerlaria eta Marikita Tambourin idazle eta ohorezko euskaltzaina omenduko ditu

Euskaltzaindiak bi liburu aurkeztuko ditu Sarako Idazleen 43. BiltzarreanUtzitakoa

Sarako Idazleen Biltzarraren 43. aldia egingo da Lapurdiko herrianapirilaren 5ean, 6an eta 7an, eta Euskaltzaindiak bi liburu aurkeztuko ditu bertan. Gainera, Jean-Michel Garat medikuak sortu zuen topaketakAnne Marie Lagarde ikerlaria eta Marikita Tambourin idazle eta ohorezko euskaltzaina omenduko ditu.

Akademiak prentsa ohar bidez jakinarazi duenez, hastapenetatik parte hartu du Sarako azokan, aurten ere erakusmahaia izango du herriko kiroldegian eta bi argitalpen aurkeztuko ditu Pazko Astelehenean, apirilaren 6an, 11:00etan.

Hain zuzen, alde batetik, Battittu Coyos euskaltzain osoakJunes Casenave-Harigileren 'Olerki bildüma' agertuko du jendaurrean. Aspalditik dabil zuberotarra Casenave-Harigileren idatziak aztertu eta editatzen, eta honako hau poesiari lotua dago estuki. Bi dosier dira liburuan: lehen dosierreko 138 olerkietan denetarik dago aipagai (natura, liliak, animaliak, iragaten eta egiten den denbora, jendea, bizitzaren gorabeherak, sentimenduak eta abar), eta bigarrenak erlijioari loturik diren 14 olerki biltzen ditu.

Beste alde batetik, Jon Casenaveren 'Euskal klasikoen bila. Autore zaharrak zertarako ditugu?' saiakera aurkeztuko du Euskaltzaindiak. Liburuan hainbat gai jorratzen ditu euskaltzainak, besteak beste, nola osatu den euskal klasikoen corpusa, nola finkatu den euskal kanon literarioa XX. mende erditik aurrera, gaiari buruz Jon Etxaidek, Koldo Mitxelenak, Ibon Sarasolak edo Joan Mari Torrealdaik eginiko ekarpenak eta zertan diren gaur egun gure harremanak lehengo autoreekin.