Aiora Renteria (Zea Mays), Unai Madariaga (EZEZEZ) eta Jon Fernandez, Andoni Barinaga-Rementeria eta Iñigo Güemes (Txopet) musikari eta Bilboko Kirikiño Ikastolako ikasle ohiek sortu dute 2026. urteko Ibilaldiko abestia, eta martxoaren 3an aurkeztuko da Bilboko Arriaga Antzokian. Sarrerak salgai daude jada.

"Ikastolaren komunitateak sortutako proiektu honek belaunaldien arteko lotura eta konpromiso partekatua azpimarratzen ditu", nabarmendu dute aurtengio Ibilaldia antolatuko duen Kirikiño Ikastolaren ordezkariek.

Kantaren aurkezpen ekitaldian, gainera, Kirikiño Ikastolako ikasle ohiek izango dute protagonismo osoa, Imanol Ituiño magoa eta Amaia Usandizaga eta Ainhize Vega kazetariak izango baitira aurkezle lanetan. Ekitaldian gaur egungo hainbat ikaslek ere parte hartuko dute, dantzan, kantaren bideoklipean eta ekitaldian aurkeztuko diren beste emanaldi batzuetan.

Kirikiño Ikastolaren ordezkarien hitzetan, "ohore handia da Ibilaldiko kanta eta ekitaldia gure ikasle ohien talentuarekin osatzea. Gure komunitatearen indarra eta jarraikortasuna islatzen ditu".

Abestia aurkezteko ekitaldia 19:00etan hasiko da martxoaren 3an, Bilboko Arriaga Antzokian, eta sarrerak antzokiko txarteldegietan zein online eros daitezke (nagusiek 5 euro eta adingabeek 3 euro).

Azkenik, Kirikiño Ikastolatik gogorarazi dute 2026ko Ibilaldiaren prestaketa fase erabakigarrian sartuta dagoela, eta maiatzaren 31n festa ospatuko den arte antolatuko dituzten ekimen ezberdinetan parte hartzeko gonbita luzatu diete herritar guztiei.