Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) ikastoletako langileek giza katea egingo dute Donostian ostegun honetan, urtarrilaren 29an, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak LAB sindikatuarekin 2023ko ekainean sinatutako "akordio laborala bete ez izana" salatzeko.

Zehazki, LABek ohar bidez jakinarazi duenez, akordioak bi eremutan eragiten die ikastoletako langileei. Alde batetik, soldaten esparruan, 2027rako ikastoletako langile guztien soldatak sare publikoko langileen soldatekin parekatuko zirela hitzartu zen.

Bestetik, sindikatuaren arabera, lan baldintzen eremuan, ikastoletako langileen lan baldintzak sare publikoko langileenekin homologatzeko azterketa bat abian jarriko zela adostu zen.

Bada, LABen arabera, "gaur egun, Hezkuntza Saila izkin egiten ari zaio adostasunak bete daitezen duen erantzukizunari", eta, hori salatzeko, ikastoletako langileek giza katea egingo dute ostegun honetan Donostian; 18:30ean hasiko da, Bulebarreko Kioskotik Gipuzkoako Lurralde Ordezkaritzara.

BESTE GAI BATZUK

Bestalde, Igualatorio Mediko Kirurgikoak (IMQ) eta Baskonia Alaves Taldeak osasun babes eta laguntzako akordioa berritu dute ostegun honetan, eta, horrela, "Arabako kirol osasunean ereduzkoa den aliantza sendotu dute", alderdi sinatzaileek nabarmendu dutenez.

IMQ Baskoniaren aseguratzaile mediko ofiziala da 2008tik, eta Alavesena 2013tik. Bada, lankidetza berria 2025-2026ko eta 2026-2027ko denboraldietara zabalduko da, eta saskibaloi zein futbol taldeetako lehen mailako jokalarien osasunaren estaldura osoa indartuko du, bai eta IMQren Arabako asistentzia sarea eskuratzeko aukera ere; mediku taldeak eta Amarica eta Abendaño zentroek eta Gasteizko IMQ Avenida hortz klinikak osatzen dute sarea.

Akordioaren bidez, Baskonia-Alaves Taldeak eta bere kirolariek jarraipen mediko espezializatua, kirol azterketako proba aurreratuak eta asistentzia zirkuitu espezifikoak izango dituzte futbolean eta saskibaloian gehien gertatzen diren lesioetarako.

Javier F. Maiztegui IMQ Seguros-eko zuzendari nagusiak adierazi duenez, "IMQrentzat, Baskoniarekin eta Alavesekin batera jarraitzeak kirol profesionalaren osasunarekin eta kolore horiekin bat datozen milaka pertsonarekin dugun konpromisoa berrestea esan nahi du".