Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) graduko ikasketen eskaintza zabaltzen eta modernizatzen jarraitzen du, prestakuntza espezializatuaren eta kalitatezkoaren eskaera sozialari erantzuteko helburuarekin, eta 2025-206ko ikasturtean 108 graduko eta 100dik gora graduondoko eskaintza akademikoa jarriko du ikasleen eskura ezagutza esparru guztietan. Eskaintza osoa ezagutzeko EHUazoka unibertsitate orientaziorako azokak egingo dira hurrengo hiru larunbatetan.
EHUk jakinarazi duenez, datorren ikasturterako berrikuntza Industria Digitalizazioaren eta Zibersegurtasunaren Ingeniaritzako gradua izango da; Bilboko Ingeniaritza Eskolan irakatsiko da, eta ikasleek, besteak beste, komunikazioen, telematikaren, automatizazio industrialaren, adimen artifizialaren eta zibersegurtasunaren arloko ezagutzak eskuratuko dituzte.
Gainera, graduak Prestakuntza Dualeko aipamena dakar eta, horri esker, ikasleak azken ikasturtean osatu ahal izango du prestakuntza, Teknologia Digitalen eta Zibersegurtasunaren sektoreko enpresa batean egonaldia eginez.
Halaber, beste berritasun bat da Itsasketako graduaren izena eta plana aldatu eta berritu dira eta aurreantzean Itsasontzien Makineriako eta Mantentze Lanerako Gradu izango da. Bilboko Ingeniaritza Eskolak eskaintzen du, Portugaleteko egoitzan.
Era berean, gizartearen erronkei erantzuteko graduen eguneraketa egin da eta beste hiru gradu berritu dira: Telekomunikazio Teknologiaren Ingeniaritzako Gradua (Bilboko Ingeniaritza Eskola), Nautika eta Itsas Garraioko Gradua (Bilboko Ingeniaritza Eskola) eta Enpresa Kudeaketa eta Marketina (Bilboko Ganberako Unibertsitate Eskola, ikastegi atxikia).
Graduondoko eskaintzari dagokionez, EHUk alor eta gai zerrenda zabalari erantzuten dioten 108 unibertsitate master, etengabeko prestakuntzako 35 master, unibertsitate espezializazioko 10 titulazio, eta 67 doktorego programa ditu. Gainera, unibertsitate mikrokredentzialak indartu ditu, iraupen laburreko formazio espezializatuak, enpresa eta profesionalentzat, eta Europako aitorpena dutenak. Aurten 70 mikrokredentzial eskainiko dira, eta dagoeneko 500 pertsonak lortu dute beren agiria europarra.
EHUAZOKA
Datorren ikasturterako EHUren gradu eta graduondoko eskaintza xehetasun handiagoz ezagutzeko EHUazoka unibertsitate orientazioko azoka antolatu du EHUk. Helburua da unibertsitate aurreko ikasleek EHU eta gradu zein graduondoko ikasketen eskaintza hobeto ezagutzea, baita etorkizunean unibertsitatean egin ahalko dituzten ikasketei buruz dituzten zalantza guztiak argitzea ere.
Horretarako informazio saioak emango dituzte ikastegi eta eskoletako irakasleek datozen hiru larunbatetan antolatu diren saio banatan: urtarrilaren 31n Gipuzkoako campusean, otsailaren 7an Arabakoan eta otsailaren 14an Bizkaikoan.
Aurten, gainera, graduondoko stand espezifikoa jarriko da, prestakuntza eskaintza osoari buruzko informazioa ezagutzera emateko. Masterrei eta EHUren etengabeko prestakuntza eskaintzari buruzko informazio saio orokorra ere egingo da leku bakoitzean.
EHUazokako erakusmahaietara joatea librea da, baina derrigorrezkoa da izena ematea informazio saioetara joateko; Gipuzkoan, urtarrilaren 26tik 30era bitarte da izen-ematea; Araban otsailaren 2tik 6ra, eta Bizkaian otsailaren 9tik 13ra. Plazak agortu arte egongo da zabalik informazio saio bakoitzeko izen-ematea.