Hego Euskal Herrian 62 langile hil dira 2025ean lan istripuetan "prekarietearen ondorioz". Istripu horietatik 35 EAEn gertatu dira (9 Araban, 15 Bizkaian eta 11 Gipuzkoan), eta beste 27ak Nafarroan, eta 2024ko datuekin alderatuta, Araban eta Nafarroan lan istripu hilgarriak "nabarmen" igo dira, Bizkaian eta Gipuzkoan jaitsi egin diren bitartean, ELA sindikatuaren erregistroen arabera.
ELAk prentsa ohar bidez jakinarazi duenez, 2025. urtean iturri ofizialek lan istripuen kopuruak beherantz egin duela nabarmentzen dute. Osalan erakundearen arabera, Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) baja eragin duten lan istripu guztietatik %95 istripu arinak izan dira, 166 larri moduan izendatu dituzte, eta 27 heriotz izan dira.
2024ko datuekin alderatuta, istripu arinak eta larriak gutxitu egin dira eta heriotzak, berriz, aurreko urtearen kopuru berdina izan dira. Laneko gaixotasunei dagokienez, 2025ean EAEn, aurreko urtean baino %11,3 lan gaixotasun jakinarazpen gehiago egin ziren.
Nafarroako Foru Erkidegoari dagokionez, iturri ofizialek lan istripuak oro har igo egin direla nabarmentzen dute, batez ere istripu arinak. Istripu larrietan eta lan heriotzetan jaitsiera izan da, bereziki heriotzen kasuan, 2024. urtearekin alderatuta erdia, 22tik 11ra.
Datu horien aurrean, ELAk salatu du langile klaseak "ezbehar tasa handia" izaten jarraitzen duela, urtero dozenaka pertsona hiltzen dira laneko istripuen eta gaixotasunen ondorioz, kopuru "onartezina" dela, eta horren atzean "prekaritatea" dagoela, hala nola "azpikontratazioa, lan erritmo altuak, baliabide teknikoetan eta giza baliabideetan inbertsiorik ez izatea, informazio eta prestakuntza falta".
Orobat, lan osasunera bideratutako gastu publikoa EAEko eta Nafarroako aurrekontu osoaren %0,01 baino ez dela kritikatu du sindikatuak. Horregatik, ELAren arabera, "laneko heriotzak ez dira lehentasun politikoa Eusko Jaurlaritzarentzat, ezta Nafarroako Gobernuarentzat ere, ez baitituzte horiek saihesteko neurriak hartzen enpresek prebentzio arloko araudia sistematikoki urratzen dutenean".