Guztira, Osakidetzak 3.434 pertsonari diagnostikatu zien depresioa Euskadin 2025ean, aurreko urtean baino % 12 gutxiago. Datuak behera egin duen arren, oraindik ere gizartean eragin handia duen gaixotasuna da. Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak bat egin dute gaur, urtarrilaren 13an, ospatzen den Depresioaren Aurkako Munduko Egunarekin, eta osasun mentalaren kalitatezko arreta eskaintzeko eta herritarren beharretara egokitzeko konpromisoa agertu du.

Depresio terminoaren barruan hainbat nahasmendu mental biltzen dira, hala nola depresio handia, distimia (intentsitate txikiagoko nahasmendua, baina sintoma luzeagoekin) eta beste nahasmendu depresibo batzuk. Oro har, depresioa ohiko buru-nahasmendutzat hartzen da, eta biztanleriaren ehuneko handi bati eragiten dio. Prebalentzia % 10 ingurukoa da munduan, nahiz eta gurean datua pixka bat beherago dagoen. Gainera, badago gaixotasun larri bat, nahasmendu bipolarra, zeinetan gaixoek depresio-faseak izaten dituzten eta tratamendu espezializatua behar izaten duten.

Osakidetzan, Lehen Mailako Arretaren bidez artatzen dira depresio-episodio gehienak (% 55 inguru), eta aplikatutako tratamenduari erantzuten ez diotenean, arreta espezializatuaren bidez ere; oro har, osasun mentaleko zentroetan. Zentro horiek Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako osasun mentaleko sareetan integratuta daude, eta, bertan, pazienteek diziplina anitzeko talde baten arreta jasotzen dute; hain zuzen ere, psikiatraz, psikologo klinikoz eta osasun mentaleko erizainez osatutako taldeek artatzen baitituzte. Era berean, kasu larrienak ospitale batera bidera daitezke, ospitalizazioa baloratzeko edo prebenitzeko.

Gaur egun, gaixotasun horren prebalentzia 19.929 pertsonakoa da Euskadin. Lurraldeka, 2.288 kasu daude Araban, 10.005 Bizkaian eta 6.622 Gipuzkoan. Kasuen % 65 emakumeak dira, batez ere 46 eta 75 urte bitartekoak. Diagnostikatutako kasuei dagokienez, 2025ean, 3.434 kasu berri antzeman ziren EAEn (391 Araban, 2.035 Bizkaian eta 1.004 Gipuzkoan); 2024an, berriz, 3.898. Kasu berrien % 60 baino gehiago emakumeenak izan ziren; horiek ere, 46 eta 75 urte bitarteko adin-tartekoak.