Síguenos en redes sociales:

Euskal Herriko Orkestra Barrokoak Galdakaoko Torrezabalen egingo du bere lehen egonaldi artistikoa

Euskal Herriko Orkestra Barrokoak Galdakaoko Torrezabalen egingo du bere lehen egonaldi artistikoaUtzitakoa

Euskal Herriko Orkestra Barrokoak (EHOB) Galdakaoko (Bizkaia) Torrezabal Kultur Etxean egingo du bere lehenengo egonaldi artistikoa urtarrilean eta otsailean, eta horrela, bertan hasiko da proiektu musikal berriaren ibilbidea Euskal Herrian.

Galdakaoko Udaletik jakinarazi dutenez, taldeak Torrezabal aukeratu du 'Masquarade' kontzertuaren praktikak egiteko. Lana Bilboko Arriaga Antzokian eta Donostiako Kursaalean aurkeztuko du, otsailaren 26an eta 28an, hurrenez hurren.

Testuinguru horretan, orkestrak herritarrentzako doako entsegu irekia eskainiko du datorren asteartean, urtarrilaren 20an, 20:00etatik 21:00etara, eta horrela, galdakoztarrek XVI. eta XVIII. mendeetako musika barrokora hurbiltzeko aukera izango dute, instrumentu historikoekin interpretatua, hala nola biolin barrokoa, tripazko sokak, lautea, traversoa, oboe barrokoa edo organoa.

Enrike Solinis zuzendari artistikoa dela, Euskal Herriko eta kanpoko musikariek eta musika barrokoaren interpretazioa ikasten ari diren gazteek osatzen durte orkestra. Euskal Herrian orkesta barroko egonkorra izateko helburuarekin sortu da, eta talentu berriek eta bertoko zein nazioarteko artistek formakuntza jasotzeko eta euren jarduera garatzeko espazioa izango dute.

Proiektuak "zehaztasun historikoa eta freskotasun garaikidea" uztartzen ditu, musika barrokoa publiko zabal eta askotarikoari programa berritzaileen eta saio irekien bidez hurbilduz.

Galdakaoko Udalak galdakoztarrak gonbidatu ditu Torrezabalen izango den entsegu irekira joatera, "musika barrokora hurbiltzeko eta Euskal Herriko orkesta profesional berri honen lana gertutik ezagutzeko aukera paregabea izango baita".