Carlos Matute, Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) katedradun eta ikertzaileak, nazioarteko errekonozimendu handia jaso du. Bere taldeak gidatutako ikerketa batek, maratoi bateko erresistentzia-ariketa luzeak burmuinean duen eragina aztertzen duenak, bigarren postua eskuratu du Nature aldizkariaren 2025eko Top Altmetric rankingean. Sailkapen horrek urteko eragin eta oihartzun handiena izan duten lan zientifikoak nabarmentzen ditu. EHUren kasuan, lehen aldia da ikerketa batek halako posizioa lortzen duena.
Azpimarratu behar da Top Altmetric Nature aldizkariak egindako sailkapena dela, eta bere argitarapen espezializatuetan publikatutako artikuluak ingurune digitalean eta mediatikoan sortzen duten arretaren eta oihartzunaren arabera antolatzen dituela. Rankingaren oinarria Altmetric Attention Score da, komunikabideetan, sare sozialetan, blog espezializatuetan, politika publikoetako dokumentuetan eta online diren beste iturri batzuetan egindako lanaren inpaktua neurtzen duen adierazlea.
Horrela, Top Altmetric-ek ikerketa batek urtean zehar gizartean eta komunikazioan izan duen hedapen- eta eragin-maila islatzen du, eta esparru publikoan eta zientifikoan interes eta eztabaida handiena piztu duten azterlanak lehen postuetan kokatzen ditu.
Nature taldeko aldizkari espezializatuetako bat den Nature Metabolism aldizkarian argitaratu zen lana, eta maratoi baten muturreko ahaleginean burmuinean zer gertatzen den aztertzen du. Probaren aurretik eta ondoren korrikalariei egindako erresonantzia magnetikoko irudietatik abiatuta, ikertzaileek jakin zuten glukosaren eskasia ikusita, garunak mielina — neuronak estaltzen dituen substantzia — erabiltzen duela aldi baterako energia-iturri gisa. Ikerketaren arabera murrizketa hori itzulgarria da, eta bi hilabeteko epean erabat berreskuratzen da, atsedenaldiarekin eta dieta egokiarekin.
Alzheimerra ulertzeko bide berriak
"Emaitzek erakusten dute maratoi bat egiteak ez duela garuna kaltetzen. Mielinan ikusitako aldaketak sotilak eta iragankorrak dira, eta modu naturalean itzultzen dira aste gutxitan. Lesio bat agerian utzi beharrean, gure datuek agerian uzten dute giza burmuinaren aparteko erresilientzia eta muturreko estres fisikoen aurrean ere egokitzeko eta suspertzeko duen gaitasuna ", zehaztu du Carlos Matutek.
Fisikan lizentziaduna eta Neurozientzian doktorea, Carlos Matutek nazioarteko ibilbide sendoa egin du, besteak beste Kimika Biofisikoko Max Planck Institutuan eta New Yorkeko Albert Einstein Medikuntza Ikastetxean egonaldiak eginez. Horrez gain, maratoietan esperientzia handia duen korrikalaria da. Bere ibilbide pertsonalak bultzatu zuen aurkikuntza hau ahalbidetu duen galdera zientifikoa.
Kirolaren eremutik harago, ikerketak bide berriak irekitzen ditu gaixotasun neurologikoak ulertzeko, hala nola esklerosi anizkoitza edo alzheimerra, zeinetan mielinak funtsezko eginkizuna betetzen baitu. "Mielina nola erabiltzen eta berreskuratzen den ulertzeak gakoak eskain ditzake esklerosi anizkoitza bezalako gaixotasun desmielinizatzaileen tratamenduak garatzeko", azaldu du Matutek.