Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) 3.213 ezkontza-hauste izan ziren 2023an, hau da, aurreko urtean baino %8 gehiago, orduan 2.975 izan baitziren. 508 ezkontza-hauste Araban izapidetu ziren (%15,8), 1.613 Bizkaian (%50,2) eta 1.092 Gipuzkoan (%34).
Ezkontza-haustea ezkonduta izandako aldiaren bukaera da, deuseztasun, banantze edo dibortzio zuzenengatik, aurretiko legezko banantzerik egon ez denean alegia, Eustat euskal estatistika erakundearen arabera.
Zuzeneko dibortzioak 3.090 izan ziren 2023an, horietatik 2.360 adostasunekoak (%76,4) eta 730 adostasunik gabekoak (%23,6); banantzeak 121 izan ziren, 104 adostasunekoak (%86) eta 17 adostasunik gabekoak (%14). 2022an, adostasuneko dibortzioak 2.315 izan ziren, eta adostasunik gabekoak 564; adostasuneko banantzeak, berriz, 80 izan ziren, eta adostasunik gabekoak 14.
Bi ezkontideek batera aurkeztu zuten demanda ezkontza-hausteen %59,6an; kasuen %25,3an, berriz, emazteak aurkeztu zuen, eta %10,7an senarrak. Ezkontzen iraupenari dagokionez, hausteen %35,4 hamargarren urteurrena baino lehen gertatu zen, eta %25,8, berriz, 20 urteren ondoren. Dibortzioen kasuan, batez besteko iraupena 15,2 urtekoa da zuzeneko dibortzioetan, eta 23,9 urtekoa aldez aurretik legezko banantze bat dagoenean.
Desegindako ezkontzen %35,4k ez zuten mendeko seme-alaba adingabe edo adin nagusikorik, %52,5ek adingabeak bakarrik zituzten, %2,6k ekonomikoki mendekoak ziren adin nagusikoak bakarrik, eta %9,5ek bai mendeko adingabeak bai adin nagusikoak. Seme-alabak ardurapean zituzten ezkontideen %55ean, mantenu pentsioa bi ezkontideei zegokien, %37,6an aitari eta %7,5ean amari.
Seme-alaba adingabeen zaintza kasuen %56,1ean zaintza hori partekatu egin zen. Zaintza amari egokitu zitzaion kasuen %36,2an, aitari kasuen %7,2an, eta gainerako kasuetan (%0,5) beste pertsona batzuei.