EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak 45.500 lagun bildu ditu urtean zehar antolatutako jardueretan
Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Kultura Zientifikoko Katedrak 30 jarduera baino gehiago antolatu ditu urtean zehar, hala nola hitzaldiak, tailerrak, erakusketak eta bakarrizketa zientifikoak, eta 40.522 lagunek hartu dute parte horietan, aurrez aurre zein streamingen bidez.
Bere arduradunek nabarmendu dutenez, egitura, gai eta publikoaren aniztasunak barne hartu dituen egitaraua izan da, katedrarentzat "bereziki esangurutsua" izan den urtean, 15. urteurrenaren ospakizunarekin batera, "kultura zientifikoaren dibulgazio irisgarriago eta inklusiboago baten aldeko apustua sendotu duelako.
Ikasturteko ekitaldi nagusia, beste behin ere, Bilbo Zientzia Plaza izan da. Jaialdiaren zortzigarren edizioak Bilboko erdigunea zientziaz bete zuen irailean, eta Euskalduna Bilbao, Bidebarrietako liburutegia eta Bizkaia Aretoa bezalako espazioak arlo zientifikoko profesionalen eta herritarren arteko topagune bihurtu zituen. Orotara, 26.795 lagunek parte hartu zuten jaialdiko jarduera programan.
Horrez gain, EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak beste hainbat jardunaldi tematiko antolatu ditu 2025ean, gaur egungo eztabaida zientifiko eta sozialen muinean dauden gaiak ardatz hartuta.
Ekimen horietan gai ugari jorratu dira, besteak beste, zientzia komunikazio inklusibo bat lortzeko genero ikuspegiak duen garrantziaedo hezkuntzan ebidentzia zientifikoan oinarritutako praktiken beharrizana.
XEHETASUNEZ
'Darwinen Eguna', 'Hezkuntza-frogak', 'BCAM Naukas Pi Eguna', 'Eboluzioa eta Neurozientziak' edota 'Generoa eta zientziaren komunikazioa' jardunaldietan, berriz, hezkuntza, matematika, neurozientzia eta komunikazio arloetako adituak izan dira publikoaren aurrean, hainbat zientzia gairen inguruan hausnarketa eta eztabaidarako guneak sortuz.
Hitzaldi-solasaldi zikloak ere ardatz nagusietako izan dira urteko egitarauan, 'Bidebarrieta Zientifikoa', 'Zientziaren Ertzetik' eta 'Agora, ezagutzaren plaza' programen bidez, besteak beste.
Eliteko kirolaren atzean dagoen zientzia, arkeologia eta mitoen azterketa edo nerabeen eta mugikorraren arteko harremana izan dira ia 20 hitzaldi-solasalditan landutako gaietako batzuk. Saioek harrera ona izan dute gerturatutakoen artean eta hedabideetan izandako oihartzuna ere zabala izan da.
Jarduera horiek guztiak hainbat ekimen osagarrirekin aberastu dira, esaterako, 'Zientzia Kaleankale' erakusketa ibiltariarekin, 'Fernando G. Baptista. Infografia zientifikoaren esploratzailea' erakusketarekin, edota Donostian, Ondarroan eta Azpeitian egindako 'Jakinduriek mundue erreko dau' bertsozientzia ikuskizunekin.
Aurrez aurre egindako ekitaldi guztiekin batera, 'Zientzia Kaiera', 'Cuaderno de Cultura Científica', 'Mujeres con Ciencia' eta 'Mapping Ignorance' hedabide digitaletan urteko 365 egunetan argitalpen erritmoari eutsi dio EHUko Kultura Ziuentifikoko Katedrak, hedabide bakoitzak egunero dibulgaziozko artikulu bat argitaratuz.
Guztira, 2025ean zehar, 1.462 artikulu sareratu dira Katedraren blogetan, eta Bluesky, TiktTok, Instagram eta Facebook sare sozialetan duen presentzia aktiboa eta jarraitua izan da aurten ere.